“Gertutasuna da gure bereizgarri nagusia”

Aiete-300x210Txus Legorburu eta Ainhoa Garcia, Aiete ikastetxean. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Aietek izan zuen bere ikastetxe publikoa, baina itxi egin zuten; 2006tik berriro zabalik dago, eraikin berean, auzotarren eskariz, Aiete ikastetxea izenarekin.

Txus Legorburu eta Ainhoa Garcia; Aiete ikastetxeko kideak.

Aiete ikastetxea bederatzi ikaslerekin berrabiatu zuten, eta egun, hamabost irakaslerekin, 110 ikasle ditu 2 urtekoetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren maila bitarte. Datorren ikasturtean, eraikin berria estreinatuko dutela eta, ilusioz beterik daude. Ia sorreratik ezagutzen dute ikastola Txus Legorburu zuzendariak (Antigua, 1964) eta Ainhoa Garcia (Gros, 1972) irakasleak. Beraiekin egon da IRUTXULOKO HITZA.

Ikastetxearen sorrera nolakoa izan zen?

Txus Legorburu (T. L.): Orduan bi lagun hasi ziren, Miren Aranburu eta Olatz Oiartzabal. Auzoko beharrak bultzatuta hasi ziren, eta auzo elkartea ere asko mugitu zen. Jakintza ikastolako irakasleak ziren, eta hortik zekitena ekarri zuten. Pixkanaka hasi ziren, eta, jangela jarri zutenean, Maribel sartu zen. Talde txikian eta ilusio handiarekin abiatu ziren. Eraikuntza zaharkitua zegoen, aurretik egondako eskola publikoarena zen. Hobekuntza obrak egin zituzten hasi ziren ikasturtean bertan. Lehen auzoa txikiagoa zen eta, eskaintza pribatua zegoenez, ez zuten publikoaren beharrik izan. Auzoaren beharren ondorioz hasi ziren berriro ere publikoa eskatzen.

Hala ere, laster eraikin berria izango duzue.

T. L.: Bai, apirilerako bukatua egongo da eraikuntza berria, Hiru Damatxo plazan. Oso eraikin ederra eta modernoa da; datorren ikasturtean erabiltzen hasiko gara.

Ainhoa Garcia (A. G.).: Bi eta hiru urteko txikiek eraikin honetan jarraituko dute, eta 0-2 urteko haurrentzako udal haur eskola ere jarriko dute. Lerro bakarreko eskola izaten jarraituko dugu, eskola txikia.

Zenbat ikasle dituzue gaur egun?

T. L.: 110. Iaz atera zen eskolako lehen promozioa seigarren maila bukatuta, ikasketa guztiak bertan eginda. Oso berezia izan zen, eta festa bat egin genuen.

A. G.: Gero, lekua bermatzen zaie Luberrin edo Peñafloridan, bietan dute aukera.

Nola definituko zenukete zuen eskola?

T. L.: Gertutasuna da gure bereizgarri nagusia, eta familia giroan gaudela; hain zuzen ere, txikiak garelako. Eskola txikiek ezaugarri hori dugu, eta Donostia mailan horrek bereizten gaitu. Lan egiteko modua berritzailea dugu. Ama batek esan zigun «luxua» zela Donostian halako eskola bat egotea. Ikasleei dagokienean, kanpotar asko ditugu, Ameriketako Estatu Batuetakoak, irlandarrak, argentinarrak, danimarkarrak…

A. G.: Duela gutxi galdetegi bat pasa genuen gurasoen artean, eta gehien baloratzen zutena zer zen galdetu genien. Metodologia aipatu zuten, proiektuen bidez lan egiten dugulako; eta gertutasuna. Horiek errepikatu zituzten gehien.

Hamar urte hauetan esperotako abiaduran egin dituzue hobekuntzak?

T. L.: Nik uste dut pixkanaka goazela. Eskolako bidea ez da zuzena, bizitzak bezala bere bihurguneak ditu. Bidean batzuk joan zaizkigu, eraikuntza berriaren esperoan etsita, aurrez fabrikatutako eraikinak jarri behar izan genituelako. Hala ere, berriak ere etorri dira, gure lan egiteko moduak erakarrita.

A. G.: Edonola, handitzen joan da, familia giroa galdu gabe.

Eraikin berria estreinatzeko gogoz egongo zarete, ezta?

T. L.: Ilusioz beteta gaude, baina, aldi berean, urduri. Eskola handia ikusten dugu, leku txikian ohituta baikaude. Edonola, auzoan gehiago ikusarazteko balioko digu, askok orain arte ez baitzekiten non ginen. Gimnasioa edukiko dugu, liburutegia, jolastoki ederra…

Zein lotura duzue auzoarekin?

T. L.: Oso harreman polita daukagu Lantxabe auzo elkartearekin. Auzo nortasun hori berreskuratu nahian dabiltza, galduta egon baita. Jaiak berreskuratu dituzte, eta iaz parte hartu genuen; jolasak antolatu genituen, Hiru Damatxo plazan. Kultur etxera ere hilabetero joaten gara, eta harreman polita dugu.

A. G.: Auzoko Olentzeroa, iaz, hemengo familia batzuekin elkartu zen, elkarrekin ateratzeko; eta, aurten, hobeto antolatu gara. Egia esan, gurasoak asko mugitzen dira, webgunea beraiek daramate, eta harreman oso estua dugu guraso elkartearekin; asko nabaritzen da egunerokoan. Santa Agedan ere aterako dira haurrak kantari auzotik, eta Korrikan, iaz, lehen aldiz, Puiotik kanpo luzatu genuen ibilbidea.

Zein helburu duzue aurrera begira?

A. G.: Datorren ikasturtean bi eraikinetan banatuak egongo garen arren, eskolaren nortasuna mantendu nahi dugu.

Nola bizi duzue aurrematrikulazio garaia?

T. L.: Aurten, gurasoren batek aholkatuta, bideo bat egin dugu; oso polita da eta izugarri zabaltzen ari da. Eskola ireki genuen asteburuan, eta, auzoan, informatzeko kartelak umeen marrazkiekin jarri ditugu.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio