1960. urtetik gaur arte iraganaren «memoria kritikoa» egingo duen dokumental saioa grabatzen ari da Filmak Media ekoizpen etxea ETBrentzat. Eusko Jaurlaritza eta EITB lankidetzan ari dira proiektuan. Izan ere, Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak iazko urrian esparru hitzarmen bat izenpetu zuen EITBrekin, erakunde publikoak bakearen eta bizikidetzaren alorrean egin ahal duen ekarpena definitzeko. Han jasotzen zen aipatutako dokumental saila egiteko konpromisoa. Las huellas perdidas izeneko saioa egiteko, Jaurlaritzak 75.000 euro eman ditu.
Bost dokumentalez osatuko da Las huellas perdidas. Atal bakoitzean hamarkada bakoitzean gertatutakoa jasoko da —1960tik hasita—. Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, «gertatutakoaren testuinguru historikoa asko zainduko da». Akordioaren arabera, batetik, «ondo» garatutako historiografia teknikoa erabiliko da, eta, bestetik, «zintzotasunez, zorroztasunez, objektibotasunez eta aniztasunari errespetua izanez hurbilduta».
Helburuak lortu ahal izateko, proiektuak aholku batzorde editorial bat du. Honako hauek dira batzorde horretako kideak: Juan Pablo Fusi historialaria —doktorea filosofian Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Oxforden—, Mariano Ferrer kazetaria —Egin-eko zuzendari ohia eta Herri Irratiko esataria 1971tik 2004ra— eta Mari Karmen Garmendia irakaslea —Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde eta Kultura sailburu izandakoa, Jose Antonio Ardanza lehendakaria zenean, 1985etik 1994rako epean—.
Jaurlaritzako iturriek azaldu dutenez, dokumentalak gaztelaniaz ari dira grabatzen. «Ondoren, euskarazko azpidatziak gaineratuko zaizkie». EITBko kanaletan emango dute saioa, eta, estreinaldi datarik ez dagoen arren, aurreneko lana, behintzat, aurten ikusi ahalko da. Ondoren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, unibertsitateetan eta liburutegietako sarean banatzeko aukera aztertuko dute. Dena den, oraingoz ez dute zehaztuta telebistako emanaldien ostean non zabalduko duten.
Jaurlaritzako iturrien arabera, elkarrizketak izango dira dokumentalen ardatza, eta gizarte eragileei egindako elkarrizketen bitartez saiatuko dira gertatu zena kontatzen.
Las huellas perdidas dokumental saioko zuzendaria Fermin Aio da. 2014. urtean Reconciliación dokumentala zuzendu zuen Aiok; adiskidetzea eta elkarbizitzari buruzko lan horretan, indarkeriak hildakoen seme-alaben lekukotasunak bildu zituen.
Aurreko denboraldian, Filmak Mediak Ur handitan eta Contigo pan y cebolla saioak egin zituen ETBrako.
2016-01-07 / Urtzi Urkizu