2017. urte hasierarako aurreikusi dute lanak amaitzea.
Pasa den urte bukaeran egin zuen Miramongo basoa txukuntzeko lanen eskaintza Donostiako Udalak. Tokiko Gobernuak lanen esleipena Obegisa eta Obearagon-ek osatzen duten enpresari ematea onartu du gaur. 820.237 euroko aurrekontua du proiektuak, eta zortzi hilabeteko epea izango dute lanak amaitzeko. Esleipena eginik, lanak hilabete inguru hasteko moduan izango direla jakinarazi du Eneko Goia alkateak. Hortaz, datorren urte hasierarako basoa guztiz egokitua egotea espero dute.
Urteetan utzirik egon ondoren, neurrigabe hazi diren sasi eta sastrakak garbitzea izango da lan handiena. 195 bat zuhaitz ere moztuko dituzte, eta landaketa berriak egingo dituzte, bertako flora berreskuratzeko.
Miramongo basoa bizitoki dute animalientzako habiak eta babesak ere egokituko dituzte. Orokorrean eremu guztiko bideak garbitu eta txukunduko dituzte, eta sarrera berri bat ere egingo dute Mikelategitik.
Ikur berriak ere jarriko dituzte baso guztian zehar, bertako ibilbideen eta ezaugarrien berri emanez.
Goiak adierazi duenez, txukuntze lan hauen bidez, hiriko beste natur eremu bat berreskuratuko dute.
Agurtzane Altuna