Katxola baserria irekiko dute asteburuetan

Miramongo basoko txori habiak eta ugaztunak bisitatu ostean, Katxola baserria irekiko dute, datozen asteburuetan. Ostiral arratsaldetan, eta larunbat eta igande goizetan egongo da bisitetan parte hartzeko aukera, uztailaren 2a arte.

Panelak jarriko dituzte lehen solairuan, Manuel Matxaini buruz (1916-1999), Aieten duela ehun urte jaiotako bertsolari, gai-jartzaile eta kirolaria. Hain zuzen, aurretik Aiete kultur etxean egondako erakusketa da. Solairu horretan, aldi berean, Aieteko baserri, familia eta etxeen ingurukoa informazioa egongo da, baita Munto baserriko dolarea ere.

Baserriaren gune guztiak ezagutzeko aukera egongo da, bizilagunen eskutik. Margotu berri dute baserria, eta apainketa ere zaindu dute, eta nahi duenak Miramongo basoan sartzeko aukera ere izango du. Gainera, bisita bukatzean, gerturatutakoek bertako sagardoa dastatzeko aukera izango dute.

Aieteko anfiteatrotik gertu dago Katxola, eta inguru horretan 251 sagarrondo landatu dituzte. Gainera, Aieteko jaietarako frontoia margotzeko asmoa dute, bertan pilota partidak jokatzeko asmoa baitute.

Urrian aldaketa iritsiko da. Izan ere, baserriaren aldaketa eta berreraikuntzaren inguruko erakusketa jarriko dute. Bizilagunek buruan dituzte erakusketa gehiago: basoaren bizitzaren inguruko argazki erakusketa, esate baterako.

     

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio