Aieteko jaien barnean egin dute irekiera ekitaldia; baserri ezagunean jaiotakoak ere bertan izan dira.
Iritsi da eguna, iriki dute Munto plaza. Aieteko bizilagunek urteak eman zituzten baserria zutik mantentzeko borrokan, baina arduradunek lanak garaiz ez egitearen ondorioz, eraikina bota egin behar izan zuten, 2013ko otsailean. Baserria zegoen lekuan, ordea, plaza bat egin dute, eraikinaren bi pareta mantenduta, haren omenez. Beheko solairuan, errepidearen parean, bodega utzi dute, baserriko pieza batzuekin batera. Hala, auzoko jaiekin bat eginez, plaza zabaldu dute.
Cum Jubilo abesbatza arduratu da bereziki inaugurazio ekitaldiaz. Horrela, hainbat abesti eskaini dituzte kantariek: Festara, Txoriak txori, Kukuak kantatzen du… ondoren, Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezek hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie gerturatutako guztiei, ez baitziren gutxi. Eneko Goia alkatea eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotzia ere bertan izan dira, bizilagunekin batera momentuaz gozatzeko. “Esan dezagun hiriaren meritua dela plaza hau izatea. Garrantzitsua da zer ginen jakitea, zer garen hobeto ulertzeko”, aipatu du Goiak.
IRUTXULOKO HITZAk gertutik bizi izan ditu Munto baserriaren inguruko gora-beherak, eta horren berri eman du etengabe. Oraingoan, Munto baserrian jaiotako alabekin egon da astekaria, eta datorren ostiralean erreportaje zabala argitaratuko du, haiek kontatutakoarekin.
Estitxu Zabala