Jose Angel Belauntzaran, Jokin Lizeaga eta Manuen Matxain bolatoki batean 1990ean. / foto USOZ
Felix Ibargutxi | Diario Vasco | Donostia
Aiete ‘asmatu’ zuen bolari, tokalari eta bertsolaria omendu dute Donostiako auzo horretan
Manuel Matxain (1916-1999) zenaren omenezko ekitaldiak izan ziren atzo, asteazkena, Donostiako Aiete auzoan. Ostegun honetan betetzen dira 100 urte jaio zela, baina la-eguna dela eta, egun batez aurreratu dute omenaldia. Tokalari eta bolari ospetsua zelarik, 1963an, 47 urte zituela, pauso garrantzitsua eman zuen Matxainek: bertso jartzen hasi zen. Gero, 2002an, ‘Uste gabean’ izenburuaren pean, sorta denak publikatu zizkion Antonio Zavalak Auspoa saileko liburuan.
Orain Matxainen gaineko ikerketa burutu du Pedro Berriochoa historialariak, abendu aldera ‘Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián’ delakoan plazaratuko duelarik. Besteak beste, ideia deigarri hau gizarteratu nahi du: «Matxainek gauza interesgarri bat egin zuen, besteak beste: Aiete auzo bezala eraiki. Aiete hasiera batean etxea zen: izen horrekin berarekin gaskoi familia batek jasotako etxea (Haget, Fayet, Hayet eta Ayete izenekin ezagutzen dena); haren inguruan ezarri ziren Berwickeko dukea, Wellington jenerala edo Angulemako dukea Donostia setiatu zutenean 1719an, 1813an eta 1823an, hurrenez hurren. Beranduago, hurrengo setioan, hau da, I. Gerra Karlistan (1835-1837) etxea erreta geratu zen. Berreraikia, XIX. mendearen bukaeran Bailengo dukeak eta, gero, Casa Valenciako kondeak jaso zuten orain dagoen jauregi dotorea. XIX. mendearen erdialdean, bestalde, elizatxo bat altxatu zuten jauregiaren ondoan. 1926an, Luis Eleizalde arkitektoaren planoen arabera, jaso zen gaurko eliza. Jauregi eta elizaren artean bizi izan zen Manuel Matxain, Txabola Berri edo Matxainene etxean, Donostiatik Hernanira zihoan galtzada zaharraren ondo hartan. Orduan, oraindik, ez zegoen Aieteko auzorik: Amarakoak ziren ekialdera, Urumeara ematen zuten etxeak; Lugaritzekoak, mendebaldera edo Ibaeta aldera ematen zutenak. Hala ere, Matxainek ia bere idazkiguztietan, eta izenaren azpian, ‘Aiete’ leku-izena jarri zuen».
Zortzi sagardotegi
Antonio Zavala harritu zen ikustean «erdararen mugan jaioa eta bizia izanik» zein ederra zen Matxainen euskara. Halako zerbait esan daiteke beste bi aietearri buruz: Segundo Kalonje, Oriamendi jaioa eta Iyolan bizia, eta Sebastian Salaberria, oiartzuarra izan arren, nerabezarotik aurrera Aieten bizia. Donostiako auzo gutxik izango dute halako uzta.
Matxainen aitak taberna izan zuen garai batean eta Munto sagardotegiaren ondoan bizi izan zen bere bizitza guztian. Aieten ez zegoen ez plazarik ezta frontoirik ere, Aieten zortzi sagardotegi zeuden, eta denetan toka-jokoa. Hamahiru urte zituela hasi zen tokan serio jokatzen. Gero, tokaren erregea izan zen mende erdi batean. Toka zaletasuna ere, haren biloba Jon Alberdi Matxainek dioenez, aitona zuen Pedro Matxainengadik zetorkion; hura, berriz, XIX. mendeko tokalari ezaguna izan zen.
Eskola urrikoa izan zen Manuel. Hamar urterekin, ikasketak utzi eta Donostiako harategi batean hasi zen lanean. Baina tokalari eta bolari ez ezik, lasterkaria ere izan zen; iraupen erdikoa, 1.500 metro ingurukoa. Hamasei bat urtekin Uliako Gimnastikan sartu zen.
Ideia ezkertiarrak zituen eta 1936ko Gerra Zibila hasi zenean boluntario joan zen, miliziano, UGTko 5. batailoian. Bizkaiko kanpaina egin ondoren, Santanderreraino jarraitu zuen, eta han preso hartu zuten hiria nazionalen eskura pasa zenean. «Errepublikan aldekoa naiz» esan zuen 1976ko bertso batean. «Gerrak erabateko gizon bakezalea bihurtu zuen eta haren bertsogintzaren ardatz nagusietako bat izan zen», ida-tzi du orain Pedro Berriochoak.
Bertso batean honela adierazi zuen: «Errepublikan alde joan giñan / boluntario gerrara, / egia esan, gu ez giñuzen / iñork beartu ortara; / gauza triste ta negargarririk / mundu onetan bat bada, / probatu duan batek au dio: / anai arteko gerra da».
47 urte zituela, lagunarteko apustua tarteko, hasi zen bertso jartzen. Halaxe, hiru hamarkadako ibilbideari ekin zion, berandu baina irmo. Eta bertsopaperetan, ia beti, ‘Aiete’ ipin-tzen zuen. Huraxe zuen, bizitoki ez ezik, toki kuttuna.
13 10 2016