Manuel Matxain gogoan, bertsotan egin du Aietek

Manuel-Matxain-omenaldia

Manuel Matxainen senideak, Aieteko parkean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)

Bertsotan kontatu dute bizilagunek nor zen Manuel Matxain (1916-1999); bertsotan egin dute omenaldira gonbidatu dituzten bertsolariek –Andoni Egaña, Arkaitz Oiartzabal, Agin Laburu eta Alaia Martin–; bertsotan egin du Manuel Matxainen biloba Jon Alberdik, auzotarren omenaldia eskertzeko; Matxainen bertso batzuk kantatu ditu Manex Mujika Aieteko bertsolariak… Manuel Matxain gogoan, bertsotan egin du Aietek, bertsolari eta kirolari ezagunaren jaiotzaren 100 urtemugan.

Manuel Matxainen senideak omendu dituzte arratsaldeko ekitaldian, Aieteko parkean. Haren alaba Marian Matxain, haren biloba Iñigo eta Jon Alberdi eta euren seme-alabak. Manuel Matxainen ondorengoen hiru belaunaldi izan dira omenaldiaren lekuko.

Joxean Diez de Quevedo eskultoreak Toka izeneko eskultura txiki bat oparitu die senideei. Bizilagunek adierazi dute euren asmoa dela Manuel Matxainen omenezko eskultura bat jartzea Aieteko parkean; beraz, Marian Matxaini eman diotena eskultura handi horren maketa izango litzateke.

Ustekabe eder ugari izan dira omenaldian. Aieteko kultur eta kirol elkarteak dokumentu zahar bat berreskuratu du artxibotik. Dokumentu zahar horretan elkarteko kide zaharrenetakoak agertzen diren, eta horien artean zegoen Manuel Matxain, noski. Beste oroigarri bat familiarentzat, Manuel Matxainek Aieteko bi bizilagunen ezkontzan kantatu zituen bertsoak. Duela berrogeita hamar urte idatzi zituen eskuz, eta bertso originala oparitu diote familiari.

Miresmen handiarekin gogoratu dute Manuel Matxain. Hainbat bizilagunek Manex Mujika eta Jokin Labaienen laguntzarekin haren omenezko bertsoak prestatu dituzte goizean, eta arratsaldean kantatu egin dituzte jendaurrean. Gero Axular dantza taldekoek agurra dantzatu dute, eta Gurutziaga abesbatzak kontzertu bat eman du.

Alaia Martin, Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’, Agin Laburu eta Andoni Egañaren bertso saioarekin amaitu da omenaldia. Manex Mujika aritu da gai jartzaile gisa, eta hainbat erronka jarri dizkie. Esaterako: Aieten eta gaur egun jaio izan balira, nolakoak izango lirateke? Galdera honi bertsotan erantzun baino lehen, euren jaioterriak eurengan nolako eragina izan duen adierazi dute.

logoa-irutxulo

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio