Sagardo garaia hasi da. Garai batean, Donostiako auzo gehienetan sagardoa dastatzeko aukera zuten bizilagunek; oso bestelako lekuak ziren. Urteekin aldaketak bizi dituen arren, hiriak tinko eusten dio sagarraren kulturari.
Azken ukituak ematen ari dira Urumea bailarako sagardotegietan. Urte berriak txotx garaiaren atea zabaldu du, eta dagoeneko sagardozaleek dastatzeko aukera daukate udazkenean landatutako uztak eman dituen fruituak. Hilabete honetatik aitzin, hiritarren berotasunak epelduko ditu sagardotegiak.
Urte batetik bestera errepikatzen den ohitura da, denboraren iluntasunean galtzen dena. Egun, hiritar askok eskualdeko sagardotegietara jotzen dute urteko sagardoa dastatzera. Duela gutxi arte, baina, sagardoaren eremuak ere Donostiako lurrak hartzen zituen bete-betean, eta bizilagunek auzoetako sotoetan zuten aukera sagardoa edateko. Estimu handia zioten edariari, behar bada orain diotena baino handiagoa. Hala frogatu zuen, behintzat, Manuel Larramendi ikerlariak. Antza, 1828an, egunean, biztanleko hiru sagardo litro edaten ziren. Datu benetan ikaragarria.
Donostia sagardoaren hiriburua izan da aspalditik. XIX. mendean, esaterako, hiriko edozein bazterretan zegoen aukera sagardoa edateko. Halere, oso bestelako sagardotegiak ziren oraingoekin konparatzen baditugu. Adolfo Morales de los Rios historialariak El Eco de San Sebastian egunkarian argitaratu zuen artikulu batean biltzen duenez, 1886an Parte Zaharreko etxeetako sotoetan kokatzen ziren. Leku ilun eta hezeak ziren. Egunez, kalearen parean zituzten leihoetatik sartzen ziren eguzki izpi bakan batzuk; gauean, argitxo xume batek argiztatzen zituen.
Ehun urte hauetan asko aldatu da sagardotegien kulturua. Garai hartan, adibidez, edaria egurrezko pitxarretan zerbitzatzen zuten, eta geroago buztinezkoetan. Edalontziek tamaina ezberdinak zituzten, eta bezeroak edaten zuen edalontzi bakoitzarengatik ordaintzen zuen.
Sagardotegietan jaten zena ere aldatu da azken mendean. Moralesek azaldu legez, sardin zahar usaina zen nagusi, izan ere, upelen ondoan erretzen zituzten arrainak edariarekin batera jateko. Horren berri ematen du ere Antxon Agirre Sorondo antropologoak Sagardoa liburuan. Garai bateko menua sardina zaharrek, arrautza egosiek eta gaztainek osatzen zuten.
Orduan ere, orain bezala, giro berezia zen sagardotegietakoa. Auzotarrak elkartzeko lekuak ziren, eta han ematen zituzten orduak, kantu kontari. Ongi irudikatu zuen Yraolak 1890eko Donostiako La Galerna astekarian. Ikerlarien esanetan, lehenengo gastronomia elkarteen sorburu izan ziren. Antza, arrantzaleak itsasora irteterik ez zutenean, Parte Zaharreko lokaleetan elkartzen ziren sagardoaren itzalean.
Donostiako sagardotegiek urte gozoak bizi izan zituzten 30. hamarraldian. 1931n, esaterako, 90 zeuden hiri osoan eta Altzan, 47. Urte batzuk beranduago, baina, gainbeheran hasi ziren. Herritarrak elkarteetan biltzen hasi ziren, eta ardoaren kontsumoak gora egin zuen sagardoaren kalterako. Hala, poliki-poliki sagardotegi askoren kanila betiko itxi ziren.
Azkenaldian sagardotegiek gorakada bizi izan dute, eta indartu egin da edariaren kultura. Donostian jo eta fuego jarraitzen dute sagardotegi tradizionalek lanean, eta Parte Zaharrean berri bat zabaldu dute. Era berean, Aieteko Munto baserriaren azpian ikusgai jarri dute tolare bat, auzoan sagardoak zuen garrantziaren erakuslehio. Garaiak aldatu diren arren, hiriak tinko eusten dio izaera berezia ematen dion edariari.