Abuztuaren 31ko suteak garrantzi handia du ikuskizunean.
1813ko Donostian girotutako lana igande honetan, maiatzaren 18an, estreinatuko dute hiri horretako Victoria Eugenia antzokian
2004 urtea sortu zenez geroztik zazpi ikuskizun sortu ditu Gero Axular dantza taldeak. Zazpigarrena, ‘Agorrila’, estreinartzear du, igande honetan, maiatzak 28, taularatuko baitu lehen aldiz. Emanaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da, 20:00etan. Sarrerak, 18, 15 eta 10 eurokoak, Donostia Kulturaren web gunean daude salgai.
Aurrekoetan bezala, euskal kulturaren eta historiaren ondarera jo du taldeak, eta hortik berreskuratutakoa gaurkora ekarri du, tradiziotik erabat aldendu gabe betiere. Oraingo honetan geografikoki hurbilekoa duen historiara jo du taldeak, Donostiak bizi izan duen pasarte lazgarrienetakoa den 1813ko abuztuaren 31ko erreketara. Maisu eta koreografo lanetan taldeko zuzendari Juan Luis Unzurrunzaga duen ikuskizuna bost eszenak eta ‘Gora gu ta gutarrak!’ izenburua duen amaierako atal batek osatzen dute.
Piezak lotzen du Donostia okupatuan gertatua XIX. mendearen hasieran Frantziako Gobernuko Justizia Ministro Joseph Garat lapurtarraren proposamenarekin. Garatek, hain zuzen, zazpi euskal lurraldeak ‘Fenizia Berria’ izeneko estatu moduko batean biltzea proposatu zuen. Azkenean, baina, ordurako osatuta zeuden estatu handien arau eta interesak nagusitu ziren, eta Donostia izan zen, beste zenbait hiri eta herri bezala, handien arteko borroken biktima.
‘Agorrila’ -abuztua, alegia- neska koxkera eta mutil joxemaritar baten arteko amodio istorioa ere bada, modu ikusgarrian emana, taldeak ohikoa duen eszenaratze landu eta oso zainduan
El Diario Vasco
26 mayo 2017