Asteburuan ehunka lagun elkartu dira Katxola baserrian, Lantxabe auzo elkarteak antolatutako sagar festan: bizilagunak, familiak, sagardoan adituak, Gipuzkoako Bolo Federazioko presidentea, Kutxa Ekoguneko kideak, Aieteko kirol elkartekoak, Euskara batzordekoak, PSE-EEko Enrique Ramos eta Miguel Angel Diez zinegotziak…
Sagardoa modu tradizionalean egiteko prozesuan parte hartu dute. Irailean sagarrak bildu zituzten Urnietako bi baserritan. Patxolua, urtebi, goiko etxe, udare, txalaka, ale handi, ziulio baserri eta gezamina motako sagarrak erabili dituzte. Eta larunbatean Katxolako baserriko tolarean sagarra prentsatu zuten. Mila kilo sagar prentsatu dituzte eta bi kupela bete dituzte 600 litrorekin.
Otsailean dastatuko dute Katxolan egindako sagardoa. Orain prentsatutako sagarren muztioa kupeletan gorde dute Aieteko bizilagunek.
NEREA LIZARRALDE