2017-10-29 / Elixabete Garmendia Lasa
Damu naiz gaur paperean aritu beharraz; izan ere, paperean ez dago zuzenekorik, irratian eta telebistan bezala, eta gaur —ostiral eguerdia— benetan faltan botatzen dut hori. Telebistan zappinga eginez ETB1, ETB2 eta TVEren artean —bi eszenaleku horietan, Madrilgo Senatua eta Kataluniako Parlamenta— eta ordenagailuan TV3, Parlamentetik zuzenean. Hango auditoriumean berrehun alkate aginte makilak altxatu eta in-de-independència oihukatzen… korapiloa eztarrian.
Quim Monzóren Uf, va dir ell liburuarekin jaso nuen nik katalanezko lehen lezioa; hau da, «va dir» horrek ez zuela esan nahi —gaztelaniaren oihartzunak pentsarazten zidan bezala— «esango du», «esan zuen» baizik. Geroaldiaren eta iraganaldiaren arteko nahasketa hori zuzenduta, aise gozatu ahal izan nituen Monzóren istorio konplizitatez beteak. Gaur uf!!! bakarrik ez, gaur Monzóren hiztegi osoa beharko nuke —hain solte erabiltzen dituen biraoak barne— gertatzen ari dena deskribatu eta kalifikatzeko.
Monzóren ondoren, katalanezko hurrengo lezioak murgiltzearen metodoarekin etorri dira. Lehengo batean aitortzen genion elkarri lagunartean nola, ezarian, katalana ari garen ikasten, ulermen mailan behintzat. Seguru asko badu zerikusia jarrerak ere, ulertu nahiak alegia, eta hainbat kontzeptu partekatzeak. Beste arlo batean, musikarenean, Els Segadors-en melodia buruan sartu zaigu, eta Lluis Llachen L´estaca kantu profetikoa zela konturatu gara.
Ikasketa, ordea, ez da hizkuntzara eta musikara mugatzen; lezioak askotarikoak dira. Hasteko, mugimendu independentistak antolaketaren arloan eman diguna. Rajoy eta enparauen arabera gertatuko ez zen erreferendumaren gauzatze mirarizko hura, koreograforik ausartenak ere asmatuko ez lukeen hautetsontzi dantzarekin, guardia zibilek bahitu behar zituzten botopaperen ubikuotasunarekin… Fikzioa lirudikeena errealitate bihurtuta.
Hurrengo lezioa izan zen desobedientzia eta erresistentzia baketsuarena. Hemen harrika ekingo geniokeen egoeran, bizkarrez bizkar aurre egitea Estatuak bidalitako poliziari. Horren ondoan bada beste irakaspen bat gure praktikaren antipodan dagoena: iritzi ezberdinak izan arren, elkarrekin hitz egin, negoziatu eta akordioetara iristeko abildadea, helburu partekatua lortu ahal izateko. Gero jaitsiko da bakoitza derizkion geltokian, baina helmuga jakin batera heltzeko indarrak batzen jakin, eta ekaitzik bortitzenak jota ere aterpe berean elkarrekin jarduteko gai izatea, hori, orain arte behintzat katalanek eman diguten erakustaldirik bikainenetakoa.
Independentzia zeruan, han goian, laino artean zebilen globoaren gisara irudikatu dut urteetan. Puxika horrek bazuen lokarria zintzilika, baina iritsi ezin hari heltzera. Orain, kataluniarrek erakutsi digute jauzi bat egin, lokarri hori oratu eta lurreratu daitekeela globoa. Puxikak, jakina, ahulak dira, orratz bat nahikoa da leherrarazteko, baina katalanek ziur lortuko dutela kargamentu bat globo, nondik edo handik.
Carme Forcadellek ia ahopeka kontatu ditu parlamentarien botoak: 70 baiezkoak, 10 ezezkoak, 2 zuri. Hala ere, Parlamentean ez zait iruditu euforiarik zegoenik; irailaren 6an hasi eta eraman duten martxarekin, ez da harritzekoa. Eta datorkienarekin… Nolanahi ere, egindako bidea ez da alferrikakoa izango inolaz ere. Ez haientzat, ez guretzat, eta ezta bere izaera birplanteatu beharra daukan Espainiarentzat ere.
Bartzelonako kaleko irudietan ikusi dut jende helduz osatutako kuadrilla bat plastikozko edalontziekin topa egiten. Joan den asteburuan Goierrialdean Kataluniaren aldeko giza katea egin zen bezala, oraingoan lehen cava independentea dastatuko zuten honezkero Zegaman, San Sadurni d’Anoiako ekoizleekin antolatutako cava festan.
Berria