Alemanieraz idatzi zuen txekiar idazlea (Praga, 1883 – Praga, 1924). Aita judu merkataria zuen, eta oso harreman berezia izan zuen harekin: Brief an den Vater (1919, Aitari gutuna) izeneko liburua da harreman horien azalpenik larriena.
Oreka sentimentalaren bila ibili zen beti eta maitale bat baino gehiago izan zuen: Felice Bauer, Milena Jesenska (1920-1922, Briefe an Milena, Milenari gutunak), eta Dora Dyamant, baina ez zuen sekula oreka hori iritsi. Zuzenbide ikasketak egiten hasi zen, gogoz kontra, eta 1906an bukatu zituen. Ondoren aseguru etxe batean lan egin zuen, enplegatu gisa. Tuberkulosiak jota, bolada luzeak pasa zituen sendatzeko asmoz Riva del Gardan 1910ean, Meranon 1920an, eta, azkenean, Kirling-go erietxean, Vienatik hurbil. Han hil zen. n Idazlanak. 1913an argitaratu zuen Betrachtung (Gogoeta). 1916an Die Verwandlung (Itxura-aldaketa, Xabier Kintanak euskaratua) argitaratu zuen, Kafkaren kontakizunik ezagunena. 1910-1920. urte bitartean idatzi zituen bere lanik garrantzitsuenak, baina argitaratu gabe utzi zituen, eta ez argitaratzeko agindua emana utzi zuen testamentuan.
Max Brod haren adiskideak, ordea, ez zion kasurik egin eta argitara eman zituen. Ipuin andana bat dago horien artean; lehenengo: Das Urteil (1916, Kondena), In der Strafkolonie (1919, Espetxe kolonian), Der Landartz (1919, Herriko medikua), Beim Bau der chinesischen Mauer (1918, Txinako harresia); eta hurrengo, hiru eleberri bukatugabeak: Amerika (1927); Der Prozess (1924, Auzia); Das Schloss (1926, Gaztelua).
Kafkaren lanetako gai nagusiak errua eta kondena dira. Pertsonaiak (sarri askotan Kafka bera: K.) errudunak izaten dira, ageriko arrazoirik gabe. Indar ilun garaiezin batzuek epaitzen dituzte, eta bizitza dohatsu librea kentzen diete. Bizitza hori munduaren beste dimentsio batean, beste errealitate batean kokatzen ote den irudipena izaten dute. Kafkaren lana gaur egungo giza existentziaren azalpen poetiko nagusitzat jotzen da.