Santomasetan, dotore asko

Gero Axular Dantza Taldekoek gogoa dute donostiarrak baserritarrez jantzita ikusteko; Gipuzkoa plazan jantzi lehiaketa antolatu dute lehen aldiz, eta erantzunarekin pozik geratuta, datorren urterako ideiak jasotzen ari dira jada.
Baserritar jantzien lehiaketa

Lehiaketako lau txapeldunak: Edurne Erkizia, Xabier Erauskin, Haizea Burguera eta Mikel Sayar. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Giro ederra izan zen atzo San Tomas egunean. Txistorra usaina zabaldu zen hiri osoan barrena, eta asko izan ziren ogitartean edo taloan sartuta jan zutenak, sagardo pixka batekin bultzatuz. Goiza lasai antzean joan zen, baina osteguna izan arren, eguerdi parterako eguraldi ona lagun, jendetza bildu zen kalean, egunaz gozatzen. Lehiaketek ez zuten hutsik egin: txistorra, fruitu eta barazkiak, posturik dotoreena… baina berrikuntza nagusia Baserritar Jantzien Lehiaketa izan zen. Gipuzkoa plazan agertoki txiki bat atondu zuten Gero Axular Dantza Taldeko kideek, eta bertan desfilatu zuten partaide guztiek.
Hainbat saritu egon ziren atzoko lehiaketan. Izan ere, haurren eta helduen mailan, lehenengo hiru gizon eta emakumeak saritzeaz gain, sari bereziak ere banatu zituzten. Azken batean, donostiarrak San Tomas egunez baserritarrez janztera bultzatzea zen helburua. Haurren mailan, hauek izan ziren sarituak, nesketan: Haizea Burguera, Izaro Alcon eta Irune Erauskin; eta, hauek, mutiletan: Mikel Sayar, Beñat Erauskin eta Urko Puy. Helduetan, berriz, emakumeetan: Edurne Erkizia, Eluska Sukia eta Amane Aranbarri; eta, gizonetan: Xabier Erauskin, Joseba Ezeiza eta Joseba Pradera. Haur txikienaren saria Malen Ardiacak irabazi zuen, eta sari orijinalenen sariak izan ziren Sara Burguera eta Joseba Ezeizarentzat.
Edurne Erkizia Pasai Donibanekoa da eta lagun batek egin dio jantzi txapelduna: «Lurdes Esnaola Lezoko laguna dut. Jantziak egiten ditu eta berak proposatu zidan parte hartzea». Xabier Erauskin Lasartekoa da eta lagunek bultzatuta parte hartu zuen lehiaketan, gizonak falta zirela eta: «Emaztea dantzari izandakoa da eta bera joan zait jantzia oparitzen pixkanaka, batetik eta bestetik ikusitako ohiturekin. Ni izatez banaiz baserri mundukoa, baina janzkerari ez diot sekula kasurik egin». Edonola, data hauetan baserritarrez janztea gogoko duela dio: «Polita da eta arropa erosoa da, oinetakoak agian ez horrenbeste».
Haizea Burguera Astigarragakoa da eta oso pozik zegoen sariarekin: «Nire izeba Guruk egin dit jantzia, atzo bakarrik jantzi nuen ikastolarako». Uliako Mikel Sayar ere dotore asko zegoen irabazi zuen txapelarekin: «Nire amona Arantxak egin dit jantzia».
Antolatzaileak, pozik
Gero Axularreko Gurutze Telleria pozik geratu zen lehiaketak izandako harrerarekin: «Jantzi politak eta ongi jantziak ikusi ditugu». Inguruko dendei esker lortu zituzten antolatzaileek, bereziki, irabazleei banatzeko sariak, eta oso eskertuak zeuden: «Laguntza handia izan dugu eta 2.000 euro banatu ditugu saritan: sagardoa, espartinak…».
Partaidetza aldetik, 30 lagunentzako lekua aurreikusia zuten maila bakoitzerako, eta iritsi ez ziren arren, emakumeetan hogeina izan zituzten, baina gizonak, oso gutxi. «Gizonak bospasei izan dira maila bakoitzean, baina denak oso ongi jantziak zeuden. Emakumeetan, bazeuden oso ongi jantzitakoak, eta zuzendu nahi ditugun ukituak zituztenak. Adibidez, abarkak edo zapata klasikoak erabili behar dira, eta ez egungo oinetakoak». Lehiaketa polita egin dutelakoan daude: «Gogoz gaude jada datorren urteari begira, aurtengo esperientzian oinarriturik, ideia berriekin».
Estitxu Zabala HITZA

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio