Joxan Artze: Poesia urratuz

Joxan Artze poeta zendu da; hemen duzu Peru Iparragirrek 2014an idatzitako erreportajea.

«Xoriak belarriei bezain ozenki / liliak degie begiei kantu… // Lilia ere begiei bezain / ez ote zaie belarriei / xorien kantua distiratsu?»
Joxan Artze ‘Hartzut’ (Usurbil, 1939) idazle eta musikari, txalapartari eta poetaren hitzak dira. Iragan azaroan plazaratu ziren Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar) eta Heriotzaren ataria dugu bizitza (Elkar), azken hogeita sei urteotan idatzitako poemekin osaturiko sei liburuko bilduma den horretako lehen biak. Ortzia lorez, lurra izarrez (Elkar, 1987) liburuaren ildo beretik datoz. Espiritualtasun kutsu nabaria dute giza ohiturak (batzuk) kritikatzen dituzten poemek. Espiritualtasun hori kristautasunaren eta Ekialdeko sinesmenen arteko dantza bat bezalakoa da.
Artzek ibilbide luze eta oparoa urratu du kulturgintzan. Gazterik atzerrira joan zen, Parisen denboraldi bat igaro, Londresetik pasa eta Estokolmon bizi izan ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Ez Dok Amairu taldearen hasierako bileretan parte hartzen hasi zen. Anaia Jesusekin batera txalaparta jotzen zuen Ez Dok Amairuren emanaldietan. Talde horretatik kanpo ere, txalapartari loturik lan handia egin zuten Artze anaiek. Gaur egun, Joxan txalapartaren inguruko saiakera bat idazten ari da, anaiarekin batera egindako grabaketetan oinarriturik. Bestalde, poema liburu andana plazaratu du, eta hainbat etapa zeharkatu.
Aurrez aipatutako bi liburu horietako bat, edo biak, esku artean harturik ohartuko zara ez direla ohiko liburuak, -kasik- orriz orri zabaldu behar baitira liburuok, hatzekin banatu, askatu, liburua bera den poema osoa irakurri ahal izateko. Inork esan lezake, idatzita dagoenaz gain, liburu-objektua bera dela poema, Mikel Laboaren kantak dioen bezala irakurtzen diren poemak: «Lili bat / hartu / eta hostoz hosto / erantzi / eta harek zu ere / amets / eta harek zu ere / erantzi / eta hostoz hosto / hartu / lili bat».

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio