Santa Ageda bezpera eta Manuel Matxain

Rescatamos un texto de Txomin Garmendia
Datorren larunbatez Santa Ageda bezpera degu eta kantari taldeak etxez-etxe eskean ibiltzeko eguna. Bi talde mota ezagutzen dira eske kontu orretan: bat, koroak osatuta kalez-kale ibiltzen diranak eta bestea, mutil taldeak ber-tsolari-koplari eta soiñujole batekin basarriz-basarri dijoaztenak. Bigarrengo onekin badet eskarmenturik asko eta liburu bat idazteko ainbat gertakizun ere bai. Ogeita bi ordukoa da nik egin dedan ibillerarik aundiena eta Zumaian zan: goizeko amarretan erten giñan eta urrengo goizeko zortziretan lanari utzi gosaltzeko. Zer ote dira sasoia eta zaletasuna? Ogeita lau orduan ibillitakoak ere badira. Ezagutzen da Loidisaletxe zanan (G.B.) kopla bat:
Ogeita lau ordu kantari pasa,
serio gaude mutillak,
ea Joxe, atera atzo
agindutako botillak.
Gaurko gazteak ez det uste orrelako ibillerarik egingo dutenik; gaiñera, garai bateko bideak eta gaurkoak ez dira berdiñak!
Matxinbentako berri ere ikasi gendun urte batzutan; nekazaritzatik aparte, saskigintza zan ango irabazbidea; ezagutu nun, Kasko izenordez ezagutzen zan gizon aundi bat, tabernan apopillo bizitzen zana eta Txapel zanak (G.B.) onela kantatu omen zion:
Etxe onetan apopilloak
nola diraden Kasko-ta.
orrek besteri nola emangoio
berak bear du askota.
Benedikto XVI.a.
Egunerokoak diotenez, Erroman degun Aita Santuak argitaratu digu bere lenengo enziklika berria, Deus caritas est deritzaiona; erakutsi eta agindu ederrik badator noski, baiña Benedikto XVI.ak dionez, karidadea edo premi dunari laguntzea degu kristauak eginkizun nagusiena.
Aieteko Manuel Matxain zana (G.B.) tokalari eta bolari txapelduna ezik, bertsojartzaille ederra ere bazan; eta Aita Santuan laguntzeko agindu onek, bere Auspoako Uste Gabean liburuan datorren bertsoa bat gogoratu arazi dit:
Erri batzuek goseak iltzen
izugarrizko pobrezan,
ta kristau asko joiaz beteta
amabietako mezan.
Sobre daukanak ez badu ematen
ez daukan arrek jan dezan,
kristaua danik iñon aurrean
Jainkoagatik ez esan.
Bertso orretan datorren eskaria zeiñek sinisten degu ordea? aberastasun aundiak egongo dira munduan, baiña iñork esaten al du dirurik sobratzen zaionik? Eta ori, munduko lanak usterik gu-txienean eginda geldituko gerala pentsatzen ez degulako.Batzuk goseak iltzen eta besteak gabiltzan bezela bizita, ez degu egizko pakerik ezagutuko. «Lágrimas de inocentes pacientes, más peligrosas que un diluvio», esan zun Antonio Perez jakintsuak.
Aita Santuari kaso geiegi egiten diogun garaietan ez gera bizi, geuk baiño geiago dakinik badanik, ez bai degu pentsatzen. Erromako Aitari eta atera berri dun liburuari kaso egin ezkero, mundu obeago bat izango genduke.
TXOMIN GARMENDIA
2006-2-2

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio