Berria
2018ko apirilak 1
Bihar abiatuko da Zarauztik Itzulia Basque Country, sei eguneko jira egiteko Euskal Herriaren Mendebaldean. Martxoaren hasieran antolatzaileek Euskal Herriko Itzuliaren izen aldaketa iragarri zutenean, sare sozialek ispilatu zuten askorengan eragindako haserrea. Irakurritako txioetatik birekin geratu naiz; bata, Dani Maeztuk jaulki zuen galdera: «Zergatik hizkuntzaren erabileran konplexudunak beti gu izan behar gara?». Eta Itzuliaren izen berria parafraseatuz, Itzea Urkizu Arsuagak asmatutako hitz-jokoa: «Konplexu asko country». Biek bat egiten dute aldaketaren gakoa seinalatzean: konplexua ikusten eta azpimarratzen dute Euskal Herriaren ordez Basque Country jartze horretan.
«Herri kolonizatu oro, hau da, bertako jatorri kulturala suntsitzearen ondorioz bere baitan gutxiagotasun-konplexua sortu zaion herri oro nazio zibilizatzailearen, beraz, kultura metropolitarraren hizkuntzaren aurrean posizionatu egiten da». Frantz Fanonen Peau noire, masques blancs (1952) liburutik hartu dut aipua. Azpimarratzekoak: gutxiagotasun-konplexua eta hizkuntza ez dela adierazpide neutroa eta ezta erreminta inuzentea ere, kolonizatzaile-kolonizatu dinamiken barruan. 1970eko hamarkadan, Fanoni halakoak irakurtzen genizkionean, ez genuen asko uste mende erdi geroago ere kolonialismo tradizionaleko garaietatik haratago aipagai izango genuenik.
Xabier Leteren Habanera-n «argazkien paretetan zintzilik» zeuden Antilletakoa zen Fanon, Martinika irla frantsestukoa. Psikiatra ikasketaz eta lanbidez, berak soziodiagnostikoa deitzen zuena egiten zuen; hau da, psikiatriako kontzeptuak eta teknikak erabiltzen zituen gatazka soziopolitikoak analizatzeko. Adibidez, bere herrikideek kolonizatuak eta beltzak izateagatik jasaten zituzten konplexuei buruz ari dela, hauxe dio: «Beltz antillarra zuriagoa izango da, hau da, gehiago hurbilduko zaio benetako gizonari, hizkuntza frantsesa bere egiten duen neurrian». Beltz antillarraren lekuan jarri euskalduna, zuriaren ordez kosmopolita, frantsesaren tokian ingelesa… eta hortxe hemengo aborigenoi gaur egun aplika dakigukeen txantiloia.
Itzuliari Euskal Herria ezabatu eta Basque Country jartzeak izan dezake zerikusia Jaurlaritza egiten ari den Basque Country markaren sustapenarekin. 2013an hartu zuen Iñigo Urkulluren gobernuak marka hori, Euskadiko Autonomia Erkidegoa nazioartean ezagutarazteko. Aurtengo urtarrilean Euskadi Basque Country 2020 estrategia aurkeztu zuen lehendakariak Euskalduna jauregian, 300 gonbidatu bildu zituen ekitaldian; 270 milioi euro nazioartekotze prozesu horretan jarraitzeko, bost sektoretan: kanpo ekintzan, enpresen munduan, turismoan, kulturan eta garapenerako lankidetzan. Ekimen zehatzen artean daude Basque Team bultzatzea kirolean, Euskadi Basque Country Eguna ospatzea eta Euskadi Basque Country Laguna ohoratzea.
Basque Countryrekin enpatxatu aurretik, burutazio eta galdera batzuk: Herri batek —letra larriko Herriak— marka bat behar du nazioartean bere burua aurkezteko, merkataritzaren arauei men eginez? Edozein izanda ere erantzuna, nazioartean mugitzeko ingelesez auto-izendatzeak ez al du Herri horren nortasuna lausotu eta desitxuratzen? Ez al da beltz antillarrak frantsesarekin zuritu nahiaren parekoa? Agian, horixe da lortu nahi dutena: arazotsua eta deserosoa gertatzen den nortasun hori —kasu, Katalunia!— limatu eta herritarren profilik apalena bultzatzea, identitate adierazpen gorentzat jarriz, demagun, gastronomia.
Emaitza? Aberria atzerri bihurtuta. Katalunian 155.arekin bihurtu diete aberria atzerri, Herri nortasuna aldarrikatzen duten eragileak, politikariak, erakundeak eta mugimendu osoa birrindu nahian. Hemen, kolonizatuaren konplexuaren adibide paradigmatikoa den Basque Country-arekin atzerritartzen dute bertakoek aberria.