“Ez dira etsita bizi diren biktima hutsak; kontzientzia politiko eta soziala dute”
bi hitzetan – ANDER IZAGIRRE (Kazetaria)
maitane aldanondo. IRUTXULOKO.HITZA
Egun gutxi igaro dira Ander Izagirre (Aiete, 1976) Pakistandik itzuli zenetik. Naturgas Broad Peak espedizioaren bizipenekin batera, erreportaje berrietarako materiala eta sari bat ekarri ditu zakuan. Izan ere, uztailaren hasieran, Karakorum mendikatean Basque Team espedizioaren bloga idazten ari zela, Manos Unidas-en kazetaritza saria jaso zuela jakin baitzuen. La mina como escuela, rostros bolivianos lanak Boliviako haur meatzarien bizimodu gogorra islatzen du, eta hori aldatzeko balio izatea nahiko luke aietearrak.
Boliviako meatzetan lan egiten duten haurrei buruz idaztea buruan zenuen ala han sortu zen ideia?
Propio joan nintzen gai horren bila. Entzuna nuen mehatzetan lan egiten zuten haurrak bazeudela. Gai hori sakon ezagutu eta horri buruzko erreportajeak idazteko gogoa nuen. Kontaktu eta bide batzuk landu nituen etxetik, eta Bolivian, meatzaritza guneetara joan nintzen istorio bila. Nire kezka nagusia haurrena zen, baina han hilabete inguru eman nuenez, beste gai batzuk prestatu eta bestelako erreportajeak egin nituen ere.
Nolakoa da haur horien bizimodua?
Milaka haur eta gazte aritzen dira meatzetan lanean. Gehienek nahiko gogorrak diren kanpoko lanak egiten dituzte, esaterako, metala tratatzen. Gutxi batzuek meatze barruan egiten egin dute lan, eta hori okerragoa da. Erreportajean 14 urteko neska baten kasua agertzen da. Bera mendira sartzen da, gauez, galeria estu eta oso arriskutsu batetik, eta meatzariek atera dituzten blokeak bagoneta batean kargatu eta ateratzen ditu. Beste historia askoren adibide izan daiteke. Dirurik ia kobratu gabe eta oso baldintza eskasetan egiten du lan. Oso leku arriskutsua da, airea kargatua eta toxikoa da, lur jauziak etengabe gertatzen dira… Munduko mehatze okerrenetakoa da.
Han ikusitako zerk harritu zintuen gehien?
Batetik, bizimodu oso gogorra dela. Baina, bestetik, gazte meatzarietako askok aurrera ateratzeko duten kemenak harritu ninduen eta itxaropena eman zidan. Ez dira etsita bizi diren biktima hutsak, asanbladak antolatzen dituzte beraien eskubideak aldarrikatzeko, ikasketekin jarraitzen edo beste ofizio batzuk bilatzen saiatzen dira… 14-15 urteko gazteak dira, baina kontzientzia politiko eta soziala dute, helduak direlako oso gaztetatik.
Erreportaje honek zuri saria eman dizu, baina haur horien errealitatea ezertan aldatuko al du?
«Honek zertarako balio du?» galdetzen diot beti nire buruari, eta askotan, ezertarako ez duela balio pentsatzen dut. Baina kasu honetan, erreportajea argitaratu nuen eta Interneten oihartzun pixka bat izan zuen. AEBtan CNNk jaso eta kazetari bat bidali zuten hara erreportaje labur bat egitera… Elur bola bat sortzen hasi zen. Saiatu naiz hemengo GKEkin han zerbait antolatzen hango talde batzuekin hizketan ari dira zerbait martxan jartzeko. Ez dut fruitu zehatzik ikusi, baina testuaren ondorioz gauza batzuk mugitu dira eta itxaropena ematen dit. Laguntzak abian jartzen ari dira, eta horrek pozten nau. Ea ezagutzera irakurri eta emateaz gain, benetan norbaitek zerbait egiten duen.
Frontera D aldizkari digitalak aurkeztu zuen lehiaketara. Horren berri ba al zenuen?
Ez, erabateko ezustea izan zen. Ni mendian nengoen, ezer ez nekien, eta saria jaso nuela abisatu zidaten. Etxetik urruti, ezustea eta poz handia izan zen.
Bidaia erreportajeak egiten dituzu eta hau mundua ezagutzeko erreportajea da. Alderik ba al dago?
Ez dakit bi multzotan sailka daitezkeen. Batzuk turistikoago edo geografikoago dira, baina beti saiatzen naiz jendea nola bizi den kontatzen. Gizakiak bizimodu aberastasun izugarria duela iruditzen zait, etxetik ezin dugu imajinatu ere egin nolako bizimoduak dauden. Sakonago batzuetan, ez hainbeste besteetan, nire bidea hortik joan dadin saiatzen naiz. Orain Pakistanen izan naiz mendi espedizio bat kontatzen eta horretan ibili naiz bi hilabetez. Espedizioaren inguruan normalean kontatzen ez diren istorio politak daude, eta behin han zaudela, horiek kontatzeak merezi du. Orain, etxean, zamaketarien bizimoduari buruz idatzi nahiko nuke, oso gogorra eta interesgarria baita.
Horrelako arreta beharko lukeen gairik ikusten al duzu Donostian edo inguruetan?
Oso bestelako errealitate batean bizi gara eta horrelako kasu larririk ez dago. Baina hemen istorio txiki asko daude eta pertsonaia asko daude istoria bereziekin. Egin izan ditut horrelako erreportajeak, Cuidadores de mundos liburuan bildu nituenak. Uliako bideak zaintzen dituen Josetxo jubilatuaren istoria, adibidez. Horrelako istorio txikiak badaude, bestelako eskala batekoak dira, baina hemen bertan badago lehengai interesgarria. Nire ustez, kazetari batentzat ia edonon dago zer bilatu eta zer kontatu.
Naturgas Broad Peak espedizioarekin ibili zara. Zerk eraman zaitu Karakorumera?
Erdi lagunak diren mendizaleen proposamena izan zen. Azken espedizioetan beste kazetari batzuekin joan dira, eta hauek ezin zutenez, proposamena egin zidaten. Oso aukera ona zen.
Nolako bizipena izan da?
Oso interesgarria. Pakistango paisaia ikusgarria da: Broad Peak, K2… sekula ikusi ez ditudan glaziar, mendi eta paisaia handienetako batzuk. Bestalde, batez ere, puntako espedizio baten eguneroko lanak ikusteko oso aukera polita izan da. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizale bereziak dira. Kirolari izateaz gain, buru berezia daukate, gogoeta oso interesgarriak egiten dituzte, iritzi kritikoak dituzte… Bi hilabete eman ditugu elkarrekin eta elkarbizitza ere bizipen oso aberasgarria izan da.
Hurrengo bidaia nora?
Hondartzara! kar, kar, kar. Udan Donostian lasai egon nahi dut, ez dut mugitzeko asmorik. Udazken alderako Afrikan egitasmo bat badut, baina nahiko berde dago.