Nork Maitane Aldanondo Irutxuloko Hitza
Javier Sanchez (Egia, 1937) ingeniari agronomo jubilatua da. Ingurugiroaren ezagutzak eta berezko interesak bultzatuta, konpost egiteko makina eskuratu zuen orain lau bat urte. Montesoleko etxearen lorategia ontzeko izatea nahiko da berarentzat, baina, horri esker, saria ere lortu du.
Zergatik hasi zinen konposta egiten?
Orain hiruzpalau urte etxeko konpostarekin hasi zirenean, makina eskatu nion San Marcos mankomunitateari eta doan eman zidaten. Basozabaleko baserri batean jaso nuen 250 litro inguruko konpostagailua. Aita ingurugiroaz asko arduratzen zen, eta nik ere barnean daramat. Ideia ona iruditzen zait kiratsa duten zabor gogaikarrientzat.
Zer erabiltzen duzu konposterako?
Hondar gordin guztiak, haragia eta arraina izan ezik. Usaiarengatik baino, arratoiak eta saguak erakartzen dituztelako. Prestatutako barazki eta lekaleak ere botatzen ditut. Lorategiko hostoak eta belarrak ere botatzen ditut. Guztiari, pinu hostoak gehitzen dizkiot, hezetasuna murrizteaz gain, aditu alemaniar bati irakurri bainion osagarri honek konpost orekatuagoa egiten duela.
Zein baldintza behar dira konposta egiteko?
Pisu batean zaila da, terraza izanda ere. Zizareak behar dira, beraz, horiek lortu beharko lirateke Gehiegizko eguzkia ere ez da ona, baina garrantzitsuena konposta egiteko gogoa da.
Non duzu makina?
Elkarri atxikitako etxe batean bizi naiz eta lorategi txiki bat dut. Hango lur gainean utzi, zaborra bota eta zizareak irten ziren. Urtebetera konposta prest zegoen.
Zenbat konpost egiten duzu urtean?
80 bat litro, ondo funtzionatu badu.
Zertarako erabiltzen duzu?
Lorategiko eta loreontzietako ongarri bezala.
Zailtasunik ba al du?
Bat ere ez. Neguan makinara lokaztu gabe iristea da batzuen arazoa. Baina nik espaloia dudanez…
Onurak besterik ez, beraz?
Oso erosoa da, aukera baduzu, ez du ahaleginik eskatzen. Nik sei ontzitan banatzen ditut hondakinak eta oso zabor gutxi sortzen dut, ia ezer ez. Solidario izan eta gure aletxoa jarri behar dugu.
Hondakinen Europako Astearen baitan, konpostari onenaren saria banatu zuten pasa den astean. Gipuzkoako konpostatzaile sareak eta Foru Aldundiak antolatutako etxeko konpostegileen norgehiagoka Javier Sanchez-Guardaminos egiatarrak irabazi zuen, 1.000 euroko saria jasoz. Guztira 86 familiek parte hartu zuten, horietatik,12 donostiarrak izan ziren. Ongarri onena zein zen erabakitzeko, Aldundiko ingurugiro teknikariek prozesuaren datuak eta argazkiak hartu zituzten eta konpostaren nahiz erabiltzen den lurraren laginak aztertu zituzten. Herrialdean konposta egiten duten 6.500 sendiei esker, 350 kilo hondakin gutxiago sortzen da.
Nota.- El donostiarra Javier Sanchez Guardamino se ha alzado con el premio al mejor compost doméstico al ganar la segunda edición del concurso de compost doméstico de Gipuzkoa organizado por el departamento de Desarrollo Sostenible de la institución foral en contacto y colaboración con la Red de Compostadores de Gipuzkoa.