PLANTA BAT EZINEAN

Lapatxeko konpostatze planta: funtzionamendua eta arazoak

Garbitania Zero Zaborreko teknikariek egindako txostenaren arabera, akats handiak ditu Lapatxeko konpostatze plantak. Hona haietako nagusiak:

Harrera gunea. Gai organikoa iritsi eta zenbait egunetan egituratzailearekin nahastu gabe egon ohi da, eguraldiaren baldintzen menpe —sarritan busti egiten da, euria eginez gero—. Egun batzuetan lau egun ere egoten da nahastu gabe. Tratamendu egokia nahi bada, iritsi bezain laster nahastu beharko litzateke egituratzailearekin. Ondoren, nahasketa homogeneo bat lortzeko, nahasgailu bat erabili behar da, baina Lapatxen ez dago. Ondo berdinduta ez badago, oso zaila da konpost hori kalitate onekoa izatea.

Hartzitzeko gunea. Hondakinen zati organikoa inausketarekin nahastu ondoren, hartzitzeko danborretan sartzen da. Lapatxeko danborrek ez dute behar adinako tenperatura bermatzen, eta, hori dela eta, ezin da higienizazioa ziurtatu. Danborrak babestu dituzte, baina arazoa ez da konpondu. Berriki bost milioi euroko saila onartu du hondakinen partzuergoak proiektuaren akatsak zuzentzeko.

 • Konposta ontzeko gunea. Hartzitzeko danborretan bost eta zazpi egun artean egoten da konposta, eta handik ontzeko gunera eramaten dute. Denbora hori laburregia dela uste dute Garbitaniako teknikariek. Ontzeko guneko errailetan jartzen da konposta, nahasketa mekanikoarekin jarraitzeko. Gune hori ere babestu gabe dago. Bolada euritsua izanez gero, lokaztu egiten da, eta lixibatuak ere isurtzen ditu.

BERRIA

1 comentario en “PLANTA BAT EZINEAN”

  1. Lapatxeko konpostatze planta: funtzionamendua eta arazoak

    Gipuzkoan bereizita bildutako organikoaren %40 zabortegira doa
    Lapatxeko konpost plantak 2.500 tona kudeatzeko ahalmena du; iaz 4.004 tona heldu ziren Azpeitiko azpiegitura horretara

    Hondakinen planak 19.930 tona organiko biltzea aurreikusten zuen 2009rako

    Diru laguntzak 999.000

    Bereizita bildutako hondakin organikoaren %40 zabortegira bota zuten iaz Gipuzkoan. Izan ere, herrialdean martxan den konpost planta bakarrak (Lapatx, Azpeitia) ez du ahalmenik iristen zaion hondakin organiko guztia konpost bihurtzeko. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak bildutako datuen arabera, 4.004 tona hondakin organiko jaso ziren iaz Lapatxen. Baina azpiegitura horretan 2.500 tona baino ezin dituzte kudeatu, ez baitute gehiagorako ahalmenik. Berez, oraingoz duen gaitasunarekin, Hernaniko Udalak urtebetean bildutakoarekin beteta egongo litzateke Lapatxeko planta.

    Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak, baina, ez du asmorik hondakinak konpostatzeko politikan sakontzeko. Horren adibide, zenbait datu: Gipuzkoako hondakinen plan nagusiaren, PIGRUGen, aurreikuspenen arabera, 2009an ia 20.000 tona hondakin organiko kudeatu behar zituzten herrialdean. 2012an, 33.000 tona, eta 2016an, 45.000. Hala, herrialdeko konpostatze programan, 2009rako hiru planta eraikita egotea aurreikusten zuten, eta 25.000 tona kudeatu.

    Horretarako, Lapatx handitzeaz gain, beste bi konpost planta egin nahi zituzten; bata Hondarribian (Zaldunborda), eta bestea Bergaran (Epele). Joan den astean hondakinen partzuergoko lehendakari Carlos Ormazabalek aitortu zuen hurrengo urteotan ez dituztela beste bi konpost planta horiek egingo, «beharrik» ez dagoelako. «Udaletxeetatik etortzen denaren araberako azpiegitura behar dugu, eta horrek errealistak eta zehatzak izatea eskatzen digu. Eskaerak adierazten du planta batekin nahikoa dela».

    Hala, Europako Inbertsio Bankuarekin errauste planta finantzatzeko sinatutako maileguaren arabera, Lapatxeko planta berritu eta handitu besterik ez dute egingo, eta 7.000 tona hartzeko gaitasuna eman.

    Bada, urte osoan gai organikoa bereizita bildu duten herrien datuak mantenduz gero, eta urtean zehar hasi direnen aurreikuspen bat eginez, 2011n 7.000 tona hondakin organiko inguru jasoko dira. Horri gehitu behar zaio materia organikoa bereizita jasotzen hasiko diren gainerako herriena, besteak beste, Debagoienarena —organikoa atez ate biltzen hasiko da aurten, besteak beste, Antzuolan, martxoaren 7tik hasita— eta bosgarren edukiontziaren bidez biltzen hasiko direnena —Irun, Hondarribia, Elgoibar, Eibar…—.

    Hortaz, aurten bertan 7.000 tonako kopuru hori erruz gaindituko da. Are gehiago atez ateko bilketa herri gehiagotan zabaltzen hasten bada.

    Izan ere, iaz Gipuzkoan hiru herritan atez ate bildutako hondakin organikoa herrialde osoan bildutakoaren %57 da. Bi sistemek lortzen duten eraginkortasuna neurtze aldera, adibide bat: Hernanin (19.289 biztanle) 125 tona hondakin organiko batu zituzten bereizita abenduan. Zarautzen (22.627 biztanle), berriz, 19 tona.

    Organiko gehiena San Marko mankomunitatearen lurraldean biltzen bada ere (%76), Usurbilen egin nahi zuten konpost planta auzibidera eraman zuen hondakinen partzuergoak, eta auzitegietan geratu egin dute proiektua, behin-behingoz, auzibidea amaitu bitartean. Izan ere, partzuergoak helegitea jarri zion proiektuari konposta hark egindako azpiegituren bidez kudeatu behar dela argudiatuta.

    Errefusa botatzea, merkeago

    Berriki onartu ditu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak 2011ko hondakinen tasak. Hala, errefusa botatzea 133,8 euro kostatuko da tona bakoitzeko. Organikoa bereizita eramatea, berriz, 100,4 euro.

    Alabaina, kontuan hartu behar da organikoa gaika biltzen duten herriek Lapatxeko konpostaguneraino joan beharra daukatela, eta garraioaren kostua euren gain hartu behar dutela. Horrez gain, eramandako organikoari dagokio konposta hartu beharra dauka. Konpostaren bila doan kamioia ere ordaindu behar du, eta baita konpostaren banaketa ere. Horren ondorioz, organikoa konpostatzea garestiago ateratzen da zabortegira botatzea baino.

    Katalunian, esaterako, zaborra nahastuta biltzen duten tona hondakin bakoitzeko 10-20 euroko isuna ezartzen die hango hondakinen agentziak udalei. Diru hori poltsa batera joaten da, eta organikoa bereizita biltzen dutenei ematen diete, sari moduan. Gipuzkoan, 50.000 euro eman dizkie Gipuzkoako Diputazioak bosgarren edukiontzia jarri duten mankomunitateei. Atez atekoa bultatzen dutenei, ordea, ez die diru laguntzarik eman.

    …………………………………………….Iñaki Petxarroman BERRIA Donostia

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio