Garaile izan den Bartzelonako taldeak erabakitakoaren arabera, Eindhovenen edo Saint Louisen lehiatuko dira
Axular Lizeoko ikasleek osatutako Axular Overclockek Proiektu zientifiko onenaren saria jaso zuen zuen larunbatean EHUko Bizkaia Arena aretoan jokatutako First Lego Leagueren (FLL) Estatuko kanporaketan. Abenduan Zamudion egin zuten EAEko kanporaketan Denontzako diseinua saria lortuta sailkatu ziren lehiaketa berrira. Asteburuan lortutako sariak Europako edota Munduko txapelketarako ateak ireki dizkien jakiteko egun batzuk itxaron beharko badute ere, ekaina hasieran Eindhovenen (Herbehereak) izango dira.
«Egun luzea izan zen, lehertuta amaitu genuen tentsio eta nerbioekin», gogoratu du Josetxo Santxez Aieteko taldearen entrenatzaileak. Hala ere, pena merezi zuen, lehiaketako hiru ataletan jasotako emaitzak onak izan baitziren; Ukimen Plano Dinamikoen Sistema proiektu zientifikoa, bereziki. Hala ere, proiektu teknikoa azaltzeko erabilitako itsuen erromantzeek harritu zituen gehien epaimahaikideak. Santxezen hitzetan, «puntuazio hobeagoa genuen proiektu teknikoan zientifikoan baino. Asko gustatu zitzaien eta azaltzeko modua berezia izan zela aipatu zuten». @.txus robota ez zen fin ibili. «Argiak izan ziren errudunak, talde guztiek aipatu genuen argi gutxi zegoela. Bestela, agian, beste sari bat izango genuke».
Ikasleak oso pozik zeuden egindako lanarekin, eta aktak ikusita sari bat espero zuten. «Domina denok jasotzen dugu, eta ondoren, sariak banatzen dituzte txikienetik handienera. Txikiak joan ziren eta handia jaso genuen», argitu du irakasleak. Garaile izan ziren Bartzelonako The Santperencs aste honetan hautatutako duenaren zain daudela, robotaren txukuntzean lan egin eta proiektuak ingelesera itzuli beharko dituzte. «Ez da lan makala!», dio Santxezek
2011/03/14 Maitane Aldanondo HITZA