Katxolak, berriz, txotx!

Sagardoa nola egiten den erakutsi zien aditu batek udazkenean Katxolara bertaratutakoei.

 Aieteko baserriak kupelak irekiko ditu auzotarrentzat 

NEGUKO salda eta esne beroak alde batera utzi eta udaberriari harrera egiteko, Aieten sagardo egin berria banatuko dute bihar. Katxola baserriko ondarea berreskuratzeko, Lantxabe bizilagun elkarteak tolarea errekuperatu zuen eta kupelak zabalduko ditu bihar festa giroan. Jaiaren hasiera 18.00etan izango da, eta bertsolari eta txistulariek girotuko dute arratsaldea.

 Pasa den udazkenean jada sekulako festa izan zen Aieteko baserri honetan. Azken 70 urteotan egin ez zuten sagardoaren prestakun-tza zertan datzan erakutsi zioten bertaraino hurbildu ziren 100 bat lagunei. Muztio egin berria dastatzera ere gonbidatu zituzten bai heldu zein gazteak, txistu eta txalapartaren doinuekin batera Katxola bordaren inguruan egin zen jai hartan. Gaur, orduan hasitako prozesuaren emaitza dasta-tzeko aukera izango dute aietetarrek.

 XVIII. mendetik

 Muntoko tolarea Katxolan

 Dena den, Aieteko baserri honetan gauzak ez dira diruditena. Esaterako: Katxola ez da Katxola, bere erreprodukzio bat baizik. Haren harriak banan-banan ekarri zituzten Miramon parkeko anfiteatroaren inguruetara; Paraíso kalera, hain zuzen. Eraikuntza, berez, XVIII. mendekoa zen eta sagardoa egiten zuen landetxe familiarra izan zen XX. mendeko bigarren hamarkadara arte. Errepublika urteetako sagardotegi donostiar ezagunena bihurtu zuten jabe berriek, Oriamendi eta Munto baserriekin tratu komertzial bat egin ondoren.

 Jada hutsik zegoen azken etxe horretatik eraman zuten tolarea iaz Katxola berrira eta egun bertako erakusketa iraunkorreko parte da. Izan ere, baserria zentro kultural bezala erabiltzen du Lantxabe auzo elkarteak, honela, aietetarrei zerbitzua emateko.

 Tolarea prest zutela, edaria prestatzea besterik ez zen geratzen. Hori egiteko sagarrak Akarregi etxalde hernaniarretik ekarri zituzten, kizkiaz baliatuz fruituak banan-banan lurretik jasotzeko. Egokienak aukeratu eta haiek garbitu ondoren, zukua egin eta kupeletan gorde zuten, gaurko eguna noiz iritsiko zain.

 Denborak eta hartzidurak hasierako muztio marroi, ilun eta gozo hori horixka, bizia eta mikatza bihurtu du, Lantxabe elkartearen ekimena arrakastatsua izan baita. Horregatik, Aiete eta Donostia guztiko auzokideak gonbidatu nahi ditu gaur sagardoa edan eta, bide batez, udaberriari behar den moduan ongi etorria eman diezaioten.

 Ane Miren Iturriza – Viernes, 18 de Marzo de 2011

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio