717 langabe daude Aieten. Langabezia, are okerrago

Urtea hasi zenetik langabe kopurua etengabe hazi da. Apirileko zenbaketak ere emaitza txarra izan du; eta, jada, 10.418 langabe daude hirian.

 Krisi ekonomikoaren astinduak langabezian ondorioak izaten jarraitzen du; eta, hilabetez hilabete, hirian lan bila dabiltzanen kopuruak gora egiten du. Apirila hilabete ona izan ohi da, beherakadak ekartzen baititu. Iaz, esaterako, 197 donostiarrek lana aurkitu zuten hilabete horretan. Aurten, ordea, ez da hala izan. Espainiako Enplegu Publiko ohiaren lan behatokian joan den astean ezagutzera eman zituen datuen arabera, 156 lagunek izena eman dute zerrendan. 2011 hasi zenetik, orotara, 961 langabe gehiago daude hirian. Guztira, donostiar langabeak, 10.418 dira. 2010eko apirileko datuaren alderatuta, %8,25 igo da kopurua; eta beste urtebete atzera eginez gero, %23.

 Hori horrela, hiriko biztanleria aktiboaren %9,8 lanik gabe dago. Kaltetuenak, beste behin, emakumezkoak dira: 5.446 emakume langabe, 4.972 gizonezkoren aldean. Hala ere, apirilean azken hilabeteetako joera irauli da, eta lana galdu dutenak, nagusiki, gizonezkoak izan dira; hiru lagunetik bi. Adinari dagokionez, berriz, hiriko langebeen erdia baino gehiago, %52, 25 eta 44 urte areko tartean kokatzen da, eta hau da gehien hazi den atala. 25 urtetik beherakoen kopurua ere igo egin da, 724tik 792ra pasatuz.

 Auzoz auzoko bilakaera

 Auzoz auzo izandako bilakaera ikusita, Altzak, Amara Berrik eta Intxaurrondok zerrenda beltzeko buruan jarraitzen dute, beste hilabete batez. Biztanle kopuru gehien biltzen dituzten auzoak direla ahaztu gabe, hiriko 1.615, 1.204 eta 1.140 langabe bizi dira auzo hauetan, hurrenez hurren. Datu positibo bakarra, Parte Zaharra eta Egia dira; maiatza hasieran lan bila dabiltzanen auzotarrak gutxiago baitziren. Izan ere, martxoko 899 eta 322 langabeak, 893 eta 313 izatera pasatu baitira. Gainontzeko auzoetako kopuruak ondokoak dira: Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo, 1.099; Amara Osinaga-Loiola-Martutene, 800; Grosen, 779; Miramon-Aiete, 717; Erdialdean, 664; Ulia-Ategorrieta, 546; eta Bidebieta, 534. 

2011/05/16 Nork Maitane Aldanondo

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio