Erromako Prenestinoko forte-tik itzultzean irakurri nuen jada Napoliko sasiak inarrosten zituen Roberto Savianoren Gomorra, frantsesez, italiarrez kausitu ez nuelako. Camorraren antolakuntza aipatzen zuen, benetako izenak eta izanak emanez, pauperizaturiko jendarte gosetua banda armatuek, ohituraren arabera, nola menperatzen zuten zehazki bihikatuz. Amets gaizto neoliberalaren hondar helburua da, ene iritziz, biolentziaz bermaturiko klientelismo mota hori. Roberto Saviano James Ellroy baino idazleagoa zait.
Bereziki gustatu zitzaidan, besteak beste, Savianok liburuan Pier Paolo Pasoliniren Casarsako hilerrira egin zuen bidaiaren azalpena: badakit eta frogak dauzkat. Esperantzari leihorik irekitzen ez zion lanetik iradoki filma bortitz, idor, odoltsuaren ikustera joan nintzen eiki. Ez zen baitezpada maitaleen artean begimentzeko pelikula bat. Justifikatu nintzen erranez: Napolin, bihotz, Savianoren hitzetarik, munduan zer berri den ikasten da.
Milaneko teatroan Gomorra antzezten den une berean jakiten dugu Savianok Italia abandonatzen duela, mehatxu zuzenak pairatzen dituelako eta soilik amorostu, garagardoa eguzkitan hartu nahi duelako, bizkartzainik gabe.