Eguzki, Donostiako Udalak hondartzetara iritsitako algen inguruan hartutako erabakiaren bat egin, eta horiek kentzearen alde agertu da. Halere, zabortegira eraman ordez, egun erabilerarik ez duen Agiti kalako arraintegira eramatea eta konpostatzea proposatu dute. Azken asteetan Donostiako hondartzetan agertu den alga kopuru handiak buruko min ugari eragin du hirian. Donostiako Udaleko Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok prentsaurrekoa eskaini zuen joan den asteartean gaiaren egoeraren berri emateko. Azaldu zuenez, Udalak algak urertzetik kentzea erabaki du. Eguzkik, bestalde, eta 2005. urtetik arazoa areagotzen ari dela kontuan hartuta, algak hondartzetatik jasotzearen alde agertu da. 2005ean bezalaxe, orain ere irtenbide horren alde daudela azaldu dute talde ekologistako kideek, baina horiek zabortegira eraman beharrean, egokiena konpostatzea dela nabarmendu dute. Eguzkiren iritziz, alferrikako gastua da algak Zarauzko edo Azpeitiko zabortegira eramatea; izan ere, urtearen arabera 400-800 tona bitarte biltzen dira, eta euren esanetan, konpostatuz gero, probetxu handiagoa atera dakieke algei, lurraren elikagai bilakatuta. Igeldoko kala batean Ekologistek algen konpostatze planta Agiti kalan kokatzeko aukera aztertzeko eskatu diote Donostiako Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Madrilgo Ingurumen Ministerioari. Izan ere, Igeldo-Mendizorrotz mendilerroaren ipar isurialdean dagoen kalan erreboilo-haztegi izandako instalazioak daude, duela lau urtetik erabiltzen ez direnak. 90eko hamarkadaren hasieran 20.000 metro karratuko arrain-haztegia eraiki zutela gogorarazi du Eguzkik; horren eraikuntzak gainera ika-mika ugari eragin zuen, lurrazal publikoa erabili baitzuten industria jarduerarako. Gainera, babestutako itsas eremua zen inguru hori, baina orduko udal gobernuak interes pribatuak lehenetsi zituela gogorarazi dute, hainbat talde egitasmoaren aurka jardun baziren ere. Beraz, algak konpostatzearen aldeko hautuak aurrera eginez gero, Agitiko kalak neurri egokiak beteko lituzkeela iritzi dio Eguzkik, jada industria-jarduerarako erabili izan den eremu «desnaturalizatu» bati erabilera ematea beti ere «erabili gabeko» toki bat erabiltzea baino jasangarriagoa izango delako. Nolanahi ere, proposamena bideraezina izanez gero, Agiti kala berezko izaerara itzularazteko lanean jarraituko duela adierazi du Eguzkik. Horretarako, Estatu espainoleko Ingurumen Ministerioari kala honek bere natur balioak berreskura ditzan beharrezko gestioak martxan jartzeko eskatu dio.
Gara 11-8-8