Anjel Lertxundi*
(delirios, desvaríos, ensueños)
Donostiako Kursaalen ikusgai dagoen Chagallen eldarnio eta hegaldi onirikoen erakusketa gozatu eta gero, Woody Allenen azkena ikustera joan nintzen.
Errealitateko argiak itzali eta fikziozkoak piztu ziren.
Protagonista —gidoigintza utzi eta idazle gisa nabarmendu nahi lukeen gazte bat— Pariseko gauean galdu da —hortik Midnight in Paris (Gau erdia Parisen) titulua—. Eta bat-batean, gauerdiko kanpi-hotsak lagun, antigoaleko auto hori bat agertzen da. Bertan, Scott Figtzerald eta Zelda, beste lagun batzuekin… Eta protagonistak denboran atzera egingo du, Woody Allenek film askotan baliatu duen joko narratzaile beraren bidetik: Zelig, The Purple Rosa of Cairo —Kairoko arrosa purpura— Mighty Aphrodite —Afrodita bulartsua—… Antigoaleko auto horiak iragan mendeko hogeiko hamarkadara eraman du protagonista, eta Hemingway edo GertrudeStern bezalako idazleak ezagutzeko parada izango du. Baita Picasso edo Buñuel bezalako artistak ere.
Arratsaldea oparo ari zitzaidan ematen joan-etorri onirikoetarako aukerak, eta, hartan, Man Ray ere ikusi nuen pantailan. Suziri bat bezalakoa izan zen agerpen hura, eta urte batzuk lehenago Oteizari egotzi —asmatu— nion amets batera eraman ninduen ni.
“Nik ez dut ia sekula ametsik egiten —esaten zuen Oteizak, eskultoreari egotzi nion gaztetako egutegi apokrifo hartan—. Edo, amets egiten badut, ez naiz hartaz oroitzen. Baina bart, ni egon ez naizen bilera batean izan naiz: sentsazio bitxia benetan!
“Lapurtar estiloko etxe bat. Atarian, etxearen izena: Emak bakia. Hiru gizon sartu dira etxean. Hiruek frantsesez egiten badute ere, anfitrioi dirudiena ingelesa da; hala salatzen du, behintzat, haren hizketarako doinuak.
“Behin egongelan, anfitrioiak errezela lodiak itxi, eta argia itzali du. Ilunpe konspiratzaile halako bat sortu da. Baina brastakoan, argi indartsua disparatu du foku txiki batek eta hainbat irudiren indarkeriazko anabasa sekulakoa dantzan hasi da horma zuri batean: begiak onartu beste biderik ez du han gertatzen ari den argiaren ekintza, zeinaren eraginez objektuek, haur txikiak baino alaiago, isla galtzen baitute, eta, beren ohiko itxura ganduturik, abstrakzioa irabazten. Irudien sintaxia, berarizkoa eta berria, airean esekitako pixontzi handi baten antzekoa da; irudien eromenak bizitzak baino logika gehiago du, eta hark ematen dio bedeinkapena bizitzari. Ez alderantziz.
«Emanaldia bukatutakoan, C´est fini, esan du Man Rayk; ¡Bravo!, egin du txalo Marcel Duchampek. ¡Hélas!, onetsi du, zuhurtzia halako batez, Francis Picabiak.
«Argia piztu da, ni esnatu naiz.
«Zergatik ez nengoen NI bilera horretan?»
«Non dago orain nire etxea?”
*El escritor guipuzcoano Anjel Lertxundi (Orio, 1948) se alzó ayer con el Premio Nacional de Ensayo, dotado con 20.000 euros, por su trabajo Eskarmentuaren paperak, un ensayo en parte autobiográfico que tiene como eje central los propios recuerdos del autor.