Italia aldera joan zen iaz Urrezko Maskorra, Bruscella su etxeak eraman baitzuen. Aurtengo 48. Su Artifizialen Lehiaketako sari nagusiak, berriz, hurbilago bidaiatu du; Valentziako Caballer Fx su etxeak eskuratu baitu. Beste behin, Urrezko Maskorra Caballer abizenari lotu zaio. Izan ere, su festari buruz hitz eginez gero, zaila baita Valentziako piroteknia ahotan ez izatea. Oraingoan, baina, aurretik ez du Ricardo izena; Vicente baizik. Bi su etxeek tradizio luzea izateaz gain, aspalditik, lehia gogorra bizi dute. Bitxiki, atzo bien izenak elkartu ziren lehiaketaren agurrean: badiako ikuskizunaren arduradun izan zen Ricardoren Ricasa, eta garailea, Vicenteren Caballer Fx.
7.000 euroko saria
Zazpi gauetan Kontxa aurrean egindako emanaldiek bezalaxe, lehiaketak goranzko joera izan du, erritmoa eta kolorea gehituz joan baita egunetik egunera. Azken hiru saioak txalotu zituzten gehien ikusleek, eta epaimahaikideek bat egin dute herritarrekin erabakia hartzean. Hori bai, kideei kosta egin zaie onena aukeratzea, eta eztabaidek ordu laurden atzeratu du saridunak ezagutarazteko prentsaurrekoa. Epaimahaiaren iritzia adierazi aurretik, Kultura eta Euskarako ordezkari Nerea Txapartegik aurtengo ikuskizunen maila goraipatu du, “kalitate handikoak” izan direla nabarmenduz. Horrek berak adostasuna lortzea zaildu egin duela ere aitortu du.”Ezin dugu besteen gainetik askogatik nabarmendu den bildumarik aurkitu, horren ondorioz, bozkatzeko garaian izugarrizko berdintasuna izan da”. Eztabaidak eztabaida, valentziarrek jaso zuten maskor nagusia eta honi dagokion 7.000 euroko diru saria.
Sailkapenean hurrengo izan direnek irabazi izan balute ere ez zen ezustekorik izango. Kirol txapelketa ezagunetatik etorritako atzerriko su etxeek norgehiagokari ukitu exotikoa eman diote azken urteetan. Iaz Pekingo Olinpiar Jokoetan aritutako Txinako Panda Fireworks su etxea izan zen, aurten, aldiz, Hegoafikako Munduko Futbol txapelketan izandako Fireworks For Africa. Biek jakin-min handia piztu zuten, eta txinatarrek ez bezala, hegoafrikarrek ez zuten hutsik egin. Espero zena ekarri zuten, eta erritmoa, kolorea nahiz indarra nagusi izan ziren osteguneko saioan. Urrezko Maskorretik gertu gelditu badira ere, euripean kaleak bete zituzten txalo zaparrada eta Zilarrezko Maskorra eraman dituzte. Bestalde, Italiako Bruscella Bartolomeok Donostian irabaztea zer den badaki, eta 2010ean Urrezko Maskorra eman zion elementuekin itxi zuen ostiralean lehiaketa. Bilduma koloretsua eta elegantea, ordea, garaipena lortzeko nahikoa izan ez bazen ere, ez ziren esku hutsik itzuli.
Gazteenak ados
16 eta 22 urte arteko gazteek osatzen duten Epaimahai Gazteak ere bere erabakia ezagutarazi du eguerdian. Bozeramaile lana egin duen Iñigo Cossio antiguatarrak Txapartegirekin bat egin du lehiaketako ikuskizunen kalitatea goratzean: “Su etxe guztien mailaren jakitun gara, eta erabakia asko eztabaidatu ondoren hartu dugu”. Gazteen hausnarketaren emaitza epaimahai ofizialaren bera izan da. Caballer Fx izendatu baitute garaile. Cossiok argudiatu duenez, “kolore konbinaketa, erritmoa eta musikaltasunarengatik”.