Katxola baserrian sagardoa egiten hasi dira berriro, duela 70 urte bezala, Lantxabe auzo elkartearen eskutik.
ARITZ SORZABAL Itzurun. Hitza
Lantxabe Aieteko Auzotarron Elkarteak Katxola baserriko kudeaketaren ardura du. Kultur ekimenak, erakusketak eta antzerkiak antolatzen ditu bertan eta, joan den igandeaz geroztik, beste jarduera bat gehitu dio bere eguneroko lanari: sagardogintza. Izan ere, baserriko dolarea martxan jarri zuten asteburuan, hainbat bisitarik ikusitako erakustaldi baten bitartez, denboraldi berrian sagardo muztioa egiten duten lehenak izanik. Hernaniko sagarra erabiliko dute, ohiturak behar bezala mantentzeko.
Hain zuzen ere, 70 urte pasa dira Katxolan azken aldiz sagardoa egin zutenetik; eta 30 urte, Munton jarduera eten zutenetik. Azken sagardotegi honetako dolarearen kutsua du Katxolakoa.k, 2007an zaharberritu zutenean Muntoko piezekin osatu baitzuten; 500 kiloko ardatza eta motorra hartuta, esaterako.
Nekazaritza eta abeltzaintza, sagardogintza baino lehen
Katxola eta Munto, jatorrian nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapena izan arren, sona handiko sagardotegi bilakatu ziren ondoren.
Katxolari dagokionean, baserridolarea XVII.mendeko bigarren erdian sortu zuten, Donostiako merkatuan noizean behin sagardoa eta beste produktu batzuk saltzen zituen familia-baserri soil moduan. Baserri gisa funtzionatzen jarraitu zuen XX. mendeko bigarren hamarkada bitartean, Serapio Erdoziak etxearen jabetza bereganatu eta baserria publikoari zabaldutako sagardotegian bihurtzea erabaki zuen arte.
Munto eta Oriamendirekin lerrokaturik, hiriko sagardotegi herrikoienetakoa bilakatu zen Katxola Errepublika garaian. Mikaela Salaberriak eta haren ahizpak sukaldeko sua zeramaten eta Serapiok mota guztietako jokoak antolatzen zituen: lasterketak, sega apustuak, bola-jokoak, toka, igelaren jokoa, pintura erakusketak, antzerki emanaldiak…
1936ko gerrak eta 1940an Serapioren heriotzak sagardotegiaren itxiera eragin zuten. 90Eko hamarkadan, hirigintza proiektu berri bat zela-eta, eraisteko zorian izan zen. Azkenean, Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun izendatu zuenez, hirigintza egitasmoaren sustatzaileek egungo kokalekura lekuz aldatu behar izan zuten baserria.
2001ean izan zen hori; Miramonetik Oriamendira egin zuten aldaketa, harriz harri.
Baserria dotore geratu zen Paraiso kalean, baina dolarea ez zegoen osoa, Muntokoaren piezekin osatu zuten arte.
Astigarragan eta Hernanin baino gehiago.
Sagardoa erruz egin zuten Gipuzkoan XVIII. mendearen erdialdera arte, artoaren etorrerak sagarrondo landaketen beherakada ekarri zuen arren. XX. mendeko lehen herenean, industrializazioa iristearekin bat, sagarrondoaren gainbehera etorri zen. Orduan, Beterriko eskualdean soilik jarraitu zuten sagardoa egiten.
1932an, Donostian, 93 sagardogile zeuden. Astigarraga, Hernani edo Usurbilen, ordea, ez ziren 50era iristen. Gerra ostean, gainbehera areagotu egin zen. Ardoa besterik ez zen edaten eta pinudiak sagarrondoa ordezkatu zuen.
Katxola eta Munto ez ezik, garai ezberdinetan Aieteko beste hainbat baserri ere izan ziren sagardotegi: Aldapeta, Lazkano, Txabardegi, Santa Teresa, Gurugu, Azken Portu, Paraiso, Oriamendi eta Lastuene. Muntok, sagardotegi gisa itxi ostean, taberna moduan jarraitu zuen bere jarduera, 1993an itxi zuen arte.