Largabista eta Marisorgin, Aieteko parkean.
Irrien Lagunak klubak Aiete kultur etxearekin elkarlanean ‘Natura maitatuz’ ekimena abian jarri du
«Largabista, zer da natura?», «Etorri nirekin eta begiratu ingurura!», «Baina Largabista, zergatik dago basoan halako isiltasuna?», «Zuhaitzak isil-isilik daude gu hemen gaudelako», «Baina Largabista, nork jarri zuen gortina bat ilun-iluna izarretan?», «Sorginek nahiago dutelako gauez hegaz egitea». Irrien Lagunak klubeko Largabista eta Marisorgin pertsonaien solasaldi baten hitzak dira. Aieteko parkean dabiltza hara eta hona naturan murgilduta. Haurrekin ere bertako natura eta historia partekatu nahi dute, eta bisita bereziak prestatu dituzte: Natura maitatuz. Irrien Lagunak klubak Aiete kultur etxearekin batera elkarlanean antolatutako ekimen berria da.
«Donostiako zuhaitz zaharrenak Aieten daude, parkean. Askotarikoak dira, gainera: pagoak, urkiak, haritzak, lizarrak, sekuoiak, magnolioak, gingkoak, araukariak, gaztainondoak, pagoak… Aieteko kultur etxeak izugarrizko arrakasta izan du ireki zenetik. Askok ezagutzen dute jada, eta parkea bera ere bai. Ezagutza horretan sakontzea da gure asmoa», azaldu du Nerea Txapartegik, kultura zinegotziak.
Urriaren 15ean eta azaroaren 5ean bisita didaktikoa egingo dute. Aietera hurbiltzen diren haurrekin egingo dute bisita Largabistak eta Marisorginek. Kalejiran, jolasean, kantuan, eta dantzan murgilduko dira basoan: «Aieteko zuhaitzak eta natura ezagutuz, maitatuz eta sentituz ohartuko dira zuhaitzak, garaiak zein txikiak, zaharrak zein gazteak, urrutitik etorritakoak zein bertakoak haien lagunak direla».
Marta Ibañezek Aiete kultur etxeko zuzendariak azaldu du nola prestatu duten ekimena: «Jakoba Errekondo paisajista eta agronomo usurbildarrak aztertu du parkearen natura, eta proiektuaren antzezlana eta musika Irrien Lagunak klubak ondu du. Ordu beteko bisitak izango dira. Lau urtetik gorako neska-mutilentzat prestatutako ikuskizuna izango da». Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Irrien Lagunak klubeko kidearen iritziz: «Euskaratik, alaitasunetik eta balio pedagogikoetatik jaiotako ekimena da».
Largabista basozaina izadiaz eta ekologiaz arduratzen da. Zuhaitz ederrak eta Aieteko hamaika bitxikeria ezagutzera eramango ditu haurrak. Marisorgin, berriz, Largabistaren aspaldiko laguna da. Sorgin maitagarria eta naturzalea da. Zuhaitz eta landareen magia erakutsiko duZuhaitzetan gordetzen de magia eta sekretuak erakutsiko ditu. Beraiekin ere mintzatuko da: «Zuhaitzak dira oinarria, baina ez dugu non gauden ahaztuko. Parkearen inguruan ere badute zer ikasi haurrek», argitu du ALex Tellok, Irrien Lagunak klubeko kideak.
Txantxak, musika, trikitixa, txirula, txalaparta… «Ondo pasatzeko eta ikasteko ibilbidea antolatu dugu. Proiektu honek gugan eragin duen ilusioa partekatu nahi dugu. Orduz geroztik dena desberdin ikusten baitugu; beste kolore batekin ikusten dugu Aieteko parkea. Atsegina da, aberasten gaitu, eta hori zabaldu nahi diegu haur, gazte eta gurasoei», gaineratu du Tellok.
Larunbatean jarriko dute abian ekimen berria. Bisitek arrakasta lortuz gero, emanaldi gehiago egiteko asmoa agertu dute; baita jarduera beste herrietara zabaltzeko asmoa ere. Sarrera doakoa izango da; eta gonbidapenak Aiete kultur etxean bertan eskuratu beharko dira.
Natura maitatuz. Urriaren 15ean eta azaroaren 5ean. 12:00etan eta 17:00etan. Euskaraz. Aiete kultur etxean. Sarrera doan.
Nork Nerea Lizarralde 2011/10/11