Mariscalen bizipoza, Kubon

'Bizipoza' hitza osatzen duten letren atzean dago 'Bizipoza' izeneko margolana (M. Goni)

Javier Mariscal diseinugile eta artista grafikoaren lanen bilduma jarri dute ikusgai urtarrilaren 29a arte Zurriolako erakusketa aretoan.

Bizipoza da urtarrila arte Kutxaren Kubo aretoa beteko duen erakusketaren izenburua, eta sentsazio hori bera helarazten diote bisitariari Javier Mariscal (Valentzia, 1950) artista eta diseinugilearen lanek.

Beste hamaika lanen artean Bartzelonako olinpiar jokoetako Cobi izeneko maskotaren sortzailea da Mariscal, eta haren alaitasuna eta estilo berritzailea ikus daiteke Zurriolako erakusketa areto osoa betetzen duen bilduman. Kalaluniako hiriburuan bizi den valentziarra da, eta Mediterraneo aldeko argia eta bizitza ikuskera partekatu nahi izan du diseinugileak.

Baina, Cobi maskotaz gain, milaka lan egin ditu Mariscalek eta horien aukeraketa zabala dago ikusgai. Egileak berak azaldutakoaren arabera, «aspaldiko Señor del Caballito-rekin hasi eta Bizipoza margolanarekin bukatu». Hain zuzen ere, erakusketa izendatzeko balio duen lana, espresuki prestatu du artistak erakustaldi honetarako.

Lau zatitan egindako bost bider bost metroko tamaina du lanak, eta Mariscalek zaldutakoaren arabera; «Zera da.. buahh… poza da, pozaren leherketa». Abuztuaren 15aren eta 30aren artean egin zuen Kuboko horma nagusia betetzen duen margolana, erakusketa aretoa gogoan zuela.

‘Mamboaren erregea’

Kuboko arduradunek egindako gonbidapena eta aretoa bera dira Mariscalek Donostian erakusketa hau egiteko arrazoiak. «Areto honetan mamboaren erregea sentitzen zara, ikaragarria da», adierazi zuen atzo egindako aurkezpen eta bildumarako bisitan. Era berean, «horrelako aretorik ez dago, ez Tokion, ez New Yorken, ezta… Bilbon ere!».

Mariscalek Kubo aretoaren ezaugarriak aprobetxatu nahi izan ditu; hori dela eta, sarreraren ondoan dagoen gelan «lanen tunela» jarri du. Bere marrazki eta zirriborroen kopiak dituzten paperezko gortina modukoen artean pasatzera gonbidatzen ditu bisitariak, «edo nahi dutena egin dezatela; ez gaude hemen jendeari zer egin behar duen esateko».

Aginduak izan ala ez, lanak ikustera joateko egilearen gonbitea onartzea guztiz gomendagarria da; diseinugile nagusietako baten jarduera ezagutzeko ez ezik, Mariscalen bizipoza zertan den ezagutzeko ere.

 

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio