Udazkeneko jatekoak dira ziza horiak, onddoak eta abarrekoak; aurten, ordea, euri falta dela-eta, zaila da topatzea, bai basoan baita dendetan ere.
Nahiz eta leihotik begiratuta horrela ez dirudien, udazkenera iritsi da sasoia, eta dendetan zein baserritarren salmahaietan gaztaina, basarana eta bertako sagarra azaltzen ari den arren, perretxikoaren aztarna txikia dago oraindik orain.
Jose Luis goizean goiz jaiki da perretxiko bila joateko, gauean lagunekin afaria egitekoa delako. Mendiko botak jantzi eta basora joan beharrean, Groseko merkatura azaldu da onddo nahaskia prestatzeko osagaien bila. Arrautzak aurkitu ditu; ez, ordea, onddorik ezta bestelako perretxikorik ere.
Ines Lizaso Aransoro baserriko produktuak saltzen ditu. Aurten, duela pare bat aste edo, perretxikoa izan dutela dio. «Kolpe bat izan zen, baina orain ez dago ezer». Kontu bitxia gertatzen dela gaineratu du. «Nahiz eta ez dagoela esan, eta beraiek ikusi, oraindik ere prezioaz galdetzen dute».
Groseko merkatuaren inguruan dagoen beste denda batean, berriz, ziza horia aurki daiteke, nahiz eta arduradunek dioten aurten gutxi dagoela. «Dakitenek diotenez, euri gutxi bota du», azaltzen diote galdezka datorrenari. Hogei euroren bueltan saltzen dute perretxiko horia.
Prezio bera dauka ziza horiak Ines Lizasok lan egiten duen dendan. Bertan, perretxiko barietate handiagoa daukate, gibelurdina –30 eurotan–, galanperna –23 eurotan–, eta txanpinoia 7 eurotan. «Hori da kultiboko bakarra, gainontzekoak bildutakoak dira», nabarmendu du Lizasok.
Onddoak ere salgai dituzte, 32 eurotan kiloa. «Hau benetakoa da, bildua. Badago hortik hazten dituena, baina onddo deitu arren, ez da hau bezalakoa».
Aldamar kaleko dendaraino, Jose Luisen moduan, onddo eta perretxiko bila doaz asko eta asko; baina, aurtengo udazkeneko urritasunarekin egiten dute topo. «Jendea ez da konturatzen», dio barre artean Lizasok. «Irailaren bukaeran hondartzan ibili dira, eta orain perretxikoak nahi dituzte; baina, hori ezinezkoa da».
Nork Mikel Goñi 2011/10/11