Udalbatzak aurrera atera ditu 2012ko urtarrilaren lehenengo egunetik indarrean egongo diren udal tasa eta zergak. PSE-EEk eta Udal Gobernuak aurreko astean lotutako akordioari esker, ez dute gaurko osoko bilkuran hitzartutakoa berresteko inongo eragozpenik izan.
Era horretan, Higiezinen gaineko zergak %5 egingo du gora. Baita jarduera ekonomikoei eta ibilgailuei ezarritako zergak ere. Ur eta saneamenduaren tasa %3 haziko da eta etxebizitza arruntetara bideratutako zaborren tasa bere horretan geratuko da. Autobus txartela bost zentimo garestituko da eta bidaia bakoitzak 1,45 zentimo balioko du. Bonobus arruntarekin egindakoak, berriz, 77 zentimo.
Bestalde, Erdialdeko terrazek bakarrik nabarituko dute zergaren igoera, gainontzeko auzoetan ez baita terrazetako zerga garestituko. PPren zuzenketa bat medio, telefonia enpresei %25 igoko diete zerga eta hondartzako zerbitzuak noiz behinka erabiltzen dituztenek prezioek %5 egin dutela gora nabarituko dute datorren urtean.
Aldaketa horiek adostu ahal izateko, PSE-EEk proposatutako hainbat beherapen hitzartu ditu Udal Gobernuak. Hala, mila euro inguruko soldata duten familiek laguntzak izango dituzte Higiezinen zerga ordaintzeko garaian. Denda txikiek eta nekazariek ere beherapenak izango dituzte hirigintzari lotutako zergan. Urteko TAO txartela ordaintzerako garaian, halaber, estu dabiltzan familiek %10eko beherapena eskuratu ahal izango dute.
Xabier Etxabe