Bikoizleei soldata erdira jaitsi nahi diete, baina ez dute halakorik onartu, eta aurki egingo dituzte azken atalak
22 urteren ostean, Homer Simpsonen familiak ez ditu abentura berriak izango. Fox kateak hartua du erabakia, eta aurten edo datorren urtean egingo dituzte azkeneko atalak. AEBetako bikoizleekin soldata jaitsierarengatik izandako gatazka izan da erabakiaren arrazoi nagusietako bat. Baina akordio bat lortuko balute ere, The Simpsons 25. denboraldian amaituko litzateke, betiko. Euskal Herrian oraindik urte pare batez marrazkien atal berriak ikusi ahalko dira. The Wrap atariak ziurtatu du betiko amaituko dela The Simpsons. «Egungo modeloarekin ezin dugu jarraitu, eta ezingo genituzke ekoitzi denboraldi berriak», adierazi dute ekoizleek. Eta azken ataletarako kostuen %30 murrizteko erabakia hartu dute.
Bikoizleei soldatak %45ean jaitsi nahi diete. Elkarrizketak izan dituzte azkeneko egunetan Foxeko arduradunek eta bikoizleek. Soldata %30 jaisteko proposamena egin zuten bikoizle nagusiek, baina kateak ez zuen hori onartu. Eta ez badira ados jartzen, aurtengoa izango da azken denboraldia. Hala ere, errepikapenekin kable bidezko kanal bat sortzea aztertzen ari dira AEBetan.
80 herrialde, 45 hizkuntza
Matt Groeningek sortutako marrazkiek arrakasta handia izan dute mundu osoan. 80 herrialdetan baino gehiagotan eta 45 hizkuntzatan eman dute. Gehienetan ikusle datu onak lortu ditu.
2007. urtean Simpson familiaren inguruko film arrakastatsua egin zuten. Urteotan saioak 25 Emmy sari jaso ditu. 1999an, Time aldizkariak XX. mendeko telesailik onena bezala definitu zuen. Eta 2000. urtetik izar bat dauka Hollywoodeko Famaren pasealekuan.
Urtzi Urkizu Donostia
Homer, klaneko aita, mende arteko filosofo handienen artean kokatzen du hainbatek. Esan ezin sakonagoak utzi dizkigu azken 23 denboraldietan. Adibidez, hau: «Ezer egiteak lana eskatzen badu, ezer horrek merezi ez duen seinale». Edo beste hau: «Noiz ikasiko dut? Bizitzaren erantzunak ez daude botila baten ipurdian, telebistan baizik». Tira, baliteke, berandu baino lehen, gisa horretako perla gehiago aditzeko aukerarik ez izatea.
Baliteke denboraldi hau simpsondarren azkena izatea. Eta ez preseski Homer eta gainontzeko pertsonaien borondateagatik. Homer eta gainontzeko pertsonaien ahotsa jartzen duten bikoiztaileak eta Fox telebista katea ez dira ados jarri soldata murrizketen nolakoan. Ez nekea, ez higadura, ez aspermena. Sosa. Munta handiko arazoa, prefosta, baina beste behin ezinikusi konponezinen sorburua.
23 denboraldi bada zerbait. Bizitza oso bat. Telebista ikusle bizitza oso bat, bederen. Aurretik beste zerbait ikusiko genuen, baina simpsondarrak daude hasiera-hasieratik, oroitzapen lausoenetatik. Adopziozko familia izan dugu denbora luzean. Eta ez bakarrik gure bazterrotan, mundu osoko zoko mordoa hartu baitu mostaza koloreko sendiak urte hauetan guztietan. Ez duzue Duff fikziozko garagardoaren kamiseta nonahi ikusten? AEBetako armada baino eraginkorragoa izan da hedapen geoestrategikoan.
Pentsa, kultuzko saio bilakatzeko merituak bildu ditu. The Simpsons and Philosophy liburua existitzen da, telesaila eta diziplina filosofikoaren arteko harremana aztertzen duen lana. Ez bakarrik, Kaliforniako Berkeley unibertsitateak Simpson familiaren egunerokoan oinarritutako filosofia ikastaro bat ematen du. Vatikanoak ere goraipatu izan du inoiz, «kristautasunaz eta jainkoaz kezkatzen den bakarrenetakoa» delako. Homer bera «katoliko on» gisa deskribatu dute fededunek.
Eta ez dakit saioa bukatzen denean disgustua hartuko dudan, Ninja dortokak bukatu zirenean hartu nuen bezala. Jakin nahiko nukeena da Bart bilabarengandik zer geratu den gure biografietan, Homer aita eredugarriarengandik zer ari garen errepikatzen, Barney egarrituak bezala bukatuko ote dugun denok, barra batetik zintzilik. Satira bazter utzita, konturatu gabe ez ote garen, erdi mailako amerikar denok, Estatu Batuetako familia batean bizitzen ari.
Aritz Galarraga