Txinatarren urte berriaren ospakizuna egin dute Institutu Txinatarreko kideek; 4710. urtea ona izango dela diote, herensugearen babesa dela eta.
Gaurkoa 2012ko 25. eguna dela baiezta daiteke almanakari begiratuta. Hala ere, hori ez da mundu osoan berdin gertatzen. Txinako berezko egutegian 4710. urteko hirugarren eguna da asteazken hau. Ospakizun eguna izan zen, beraz, astelehena, eta horixe da Bulebarrera dragoia irteteko arrazoia.
Aho zabalik eta galderak buruan zituztela gelditu ziren donostiar asko, astelehen arratsaldean, hamar bat metroko dragoitzarra Bretxatik Bulebarreko kioskorako bidean gora eta behera ikustean. Gipuzkoako Txinatar Institutuaren ekimena izan zen herensugea hiriko kaleetara ateratzea. Miren Gabilondo arduradunak esandakoaren arabera, animalia txinatarren zeinuetako bat da. «Beraiek, herensugearen ondorengotzat daukate bere burua, eta beraien kulturan, ona eta onuragarria da dragoia».
Txinatarrentzat herensugeak duen garrantzia kontuan izanik, iaz erabaki zuen Gabilondok dragoia bulebarrera ateratzea. «Baina, burua besterik ezin izan genuen osatu. Oso gutxi geunden-eta», azaldu du barrezka. Aurten, berriz, «dragoi luzea egin dugu».
Gabilondok dioenez, ospakizuna egin nahi zuten astelehenean, «egun garrantzitsua delako txinatarrentzat». Hala ere, Txinan are handiagoa da bezperako afaria. «Baina hori familian ospatzen dutenez, gaurko–astelehena– prestatu dugu gurea». Era berean, txiki gelditu zen festa, «Txinan astebeteko iraupena izaten dute jaiek».
Arduradunak Txinatar Institutuaren inguruko komunitatea bildu nahi izan du ospakizunean. Hori dela eta, Bulebarrean barrena ibilitako dragoiaren gorputza bertako ikasleek osatzen zuten, ondoren egindako afarira gosez iritsi zirela. «Donostian, normalean, jan ezin izaten diren Txinako platerak ere prestatu dizkigute». Gabilondok «zortearen» biribilkiak nabarmendu ditu.
Txinatarren kontaketan, 4710. urtea da hasi berri dena, eta urte berezia da dragoiaren urtea ere badelako. «Beraiei, txinatarrei, beldur pixka bat ere ematen die, aldaketak ekarriko omen dituelako, baina oro har urte ona izango dela uste dute».
Meican Qin irakaslea da institutuan, eta berak dioenez, hasi berri dena urte arrakastatsua izango da, «dragoiarenak horrelakoak izaten direlako beti». Era berean, Qinek esana, hiriko txinatarrek horixe bera eskatuko diote urteari: arrakastatsua izatea.
Hala izango denaren segurtasuna dauka «herensugearen ondorengoak garelako», eta animalia zaindaritzat dutelako. Urte ona, beraz, 4710a, batez ere dragoiaren begiradapean igaroko delako.
Hitza 2012/01/25