Erregeen oparia

– Bazen ordua, bazenez. Gabonak luze joan dira zure patxaran ‘sekretuak’ argitu gabe…

– Ez al da ba gaur ekialdeko magoen izarraren eguna? Herodesen jauregian ez zian argirik egiten izarrak, akordatzen zarete? Jauregitik kanpora bai, Belena bidean bai… Jakina!

 

– Bueno ba, goazen zure jauregitik kanpora, argiak argitu gaitzan…

– Aizak, nik jauregirik ez, Belengo estalpetxoa besterik ez: Behean simaurra eta goian ameraunak, gure Mendatakoak abestu zuen eran…

 

– Utzi simaur eta ameraunak eta, emazu emanbeharrekoa…

– Begira: Esan nizuen basaranak mimoz zaintzea behar zela lehenbizi; uretan ez bainore, zapi umel baten gainean, xuabe xuabe mugiarazi, azalari erantsitako hauts eta txori zirinak kentzeko… gero, lehortzen utzi, baino kontuz, eguraldiaren arabera, airearen ezkoa zaintzen ezbada, aisegi lehortzen baitira…

 

– Hortik hasi behar al dugu berriro?

– Bueno, goazen presa guztien hankapetik aurrera: Nire kontseilua honakoa izango huke: Hik prestatu dozenerdi bat botila. Botila bakoitzean, basaran ahalik eta berdintsuenak sartu; erabat nahasian, edozein modutara sartzea ez baita komeni, gero ez baituk jakingo zer basaran klase atera den ona edo erdixkakoa… Hortaz, basaran berdintsuak botilla batean, eta antzekoak bestekoan… zuek ekartzen dituzuen basaran hain ezberdinekin kostatzen duk hori ongi egitea baino…

 

– Zoaz agudo, bestela hurrengo udaberriak harrapatuko gaitu eta…

– Basaran genero autatua duen botillari, basarantxoak estaltzeraino, ez gorago, bota uxuala, edo orujoa. Beste botila batekoari, koñaka… hurrengo botilakoari, basaranak tapatzeraino juxtu, ez gorago, anisa, baina markako botillakoa; basaran gordin antzekoak, edo gazteantzak eta mikatzak dituenari, ginebra. Goxoenak edo helduenak dituenari, wiskia. Eta, ximurrantxak, ondo helduak baldin badituzue, hari bota, beldur gabe, marka on samarreko ardoa.

 

– Jeesus Maria! Zenbat… aibala! eta ardoa ere esan duzu?… zenbat patxaran klase aterako dira, ba…?

– Egon hadi lasai, oraindik 3 hilabete behar dituk eta… Basaranak tapatu eta kortxoa sartuz, gorde botilla horiek hilabete edo berrogeialdia, ilargialdi eta erdi edo… Uxual edo likore horrek ondo zupatu dituenean… orduan, ez lehenago, bete botillak anis normalez.

 

– Zer da anis normala? Nolakoa da?

– Nola esango diat, ba? Upelekoa… alegia, ez markako botilekoa, baizik, upelean edo, ontzi handian datorrena, anis normala. Horrela, botilla bakoitzak bere ikutu orijinala, berrogeialdian zupatu duen likore edo edari horrena izango baitik… eta horrela, patxaran botila bakoitza, primeran eta erraz bereziko duzue: uxualak, uxual patxarana aterako dizue; koñakak, patxaran ahobete gozoko leuna; anisak, patxaran gozoa, igoal gozoegia, aukeran; ginebraren botilan, patxaran xorrotx ahosabaia ziztatu ta esnatzen duen horietakoa; wiskiak, berriz, leun eta oharkabean eztarrian behera doan patxarana; eta ardoak, ez zenuten espero, ezta? Ardoak, barrika gustu pixka bat duen patxaran gizen ahobetea.

 

– Ta ez al dago beste edari xelebrerik?

– Bueno, hortik aurrera, nik egin dudan bezala, zuek ere, egin aprobatxoak beste edari batzuekin… sagardoarekin, edo… Urtero, edo neguoro, edo udaberrioro ikasten baita zeozer…

 

– Eta kanelarik eta kafe alerik eta horrelakorik ez al diezu botatzen?

– Bueno, botatzekotan ere, gustu kamuts samarra atera bazaio botillen bati, orduan kanela eta kafea eta besteak… failloa disimulatzeko. Patxaran nobleak ez dik behar ez kanela, ez kafeale, ez mandarina axalik, ez mantzanillarik, ez ezer… erremedio horiek denak material txarra disimulatzeko izan ohi dituk. Gure patxaranak, beti, beti, gustu ahalik eta nobleenekoak dituk… inor engainatzen ez duten horietakoak. Apustu egingo nizueke, zuek prestatu horrelako botillak eta nik baietz asmatu, zer bota diozuten eta zerez egindakoak diren botiletako bakoitza… baina kanela ta enparauekin ez: horiekin gustua saltokiko eta erabat tabernario egiten zaiok…

 

– Bueno, bueno… Izango da, kontxo, hau dena eskertuko dizunik. Non ikasi duzu zuk honenbesteko patxaran klase erramilletea?

– Non izango huen ba? Hemen Arantzazun bertan. Hainbeste basaran dagoen tokian, urtero pruebatxo bat edo beste… gure ermano edarien enkargatuari botilla osorik ez zegoan kentzerik eta… botilean basaranak estaltzeko lain, bi-hiru kopaxka eskatu eta, prueba batekin, prueba bestearekin… horrela egin diat nire eskola. Eta, oso inportantea: botilla bat anaidira ateratzen nuenean, nik neurez nekiana, isil-isilik gordean beti, probatzen zenuetenoi kaso eginez, gustatzen zitzaizuen edo ez, ondo erreparatu eta, hurrengoan bestelako ikutturen bat edo beste eman eta…

 

-Bueno, ake… ez diguzula, halere, dakizun guztia esan…

– Ez dek gutxi nahi, hainbeste urtetan pazientzia osoz ikasia, orain 20 minututan dena hiri kontatzea…? Datorren urtean probatuko dizkiagu hik egindakoak… orduan esango diat non dagoen meritua eta non failoa…

P. Zabala

 

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio