Eskuz egin, eta ingurua ezagutu

Haurrek, esaterako, Gabonetako izei txikiak egin dituzte Cristina Enea Fundazioaren lantegietan. (Argazkia: Mikel Goñi).

Egiako parkeko Cristina Enea Fundazioak, hiriko beste eragile askoren moduan, haurrentzako tailerrak antolatu ditu Eguberrietako oporretan.

Parkera joateak esanahi ezberdina hartzen du Egiakoaz hitz egitean. IRUTXULOKO HITZA-k  horregatik aukeratu du oporretan dauden haurrei egingo dien bisita sorta hasteko. Cristina Enea Fundazioak prestatutako Gabonak zuretzat egitaraua haurren gozagarri eta gurasoen lasaigarri izaten ari da egunotan, beti ere, erakundearen helburuekin bat eginda.

Egiako parkeko goiko eraikin txikira sartu, eta guraizeak eskuetan zituzten haur mordoa  ikusi du IRUTXULOKO HITZA-ko bisitariak. Arduradunen argibideak jarraituta, oihalak moztu eta burudun orratzak sartzen ari ziren. Baina, adin gabekoen lana baliatzen duen tailerra ez da Cristina Enea Fundazioak antolatzen duena, eta begiraleek diotenez, haurrek ondo pasa eta «beraiek eskuekin gauzak egitea» da helburua.

Eskola opor tarte honetako lan egun guztietan antolatu dute tailerren bat edo beste, eta ostegunera arte hala izaten jarraituko du 11:00etatik 12:30era. Gonbite irekia onartu duten haur guztiak aritu dira parte hartzen lantegietan. Besteak beste, Dukearen altxorraren bila ibili dira, eta, atzo bezala, Gabonetako apaingarriak beraien eskuekin egiten.

Igone eta Jokin anaia-arreba beraien trapuzko gabonetako izeiak osatzen primeran pasa dute, azkar eta dotore egin dituztelako. Igonek, harro, etxeko zuhaitzaren azpian jarriko dituztela azaldu du: «Etxekoa itsusia dugu, eta hauekin politago geldituko da».

Aldez aurretik izenik eman ez, eta talde finkoaren faltan, arazorik gabe moldatu dira Egiako parkean jardun duten haur eta begiraleak. Hauek ikusitakoaren arabera, «gurasoek ere eskertu dute data hauetan haurrek egiteko zerbait izatea». Era berean, Cristina Eneako arduradunek lantegi hauek ere baliatu dituzte gertuko auzoetako  umeek inguru zoragarri hori hobeto ezagutzeko: «Asteazkeneko  Esploratzaile txikiak jarduera –biharkoa– horretarako balio du, besteak beste; parkea ezagutzeko, alegia».

Izei txikiak eskuetan hartuta irten dira haurrak lantegia bukatutakoan, irribarrez. Horrela izango dira bihar ere; agian Egiako parkean; agian Kursaalen; agian, kultur etxean…

2012/01/03  Nork Mikel Goñi

 

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio