Francis Scott Key Fitzgerald (Saint Paul, Minnesota, AEB, 1896ko irailaren 24a – Hollywood, Kalifornia, AEB, 1940ko abenduaren 21a) eleberrigile estatubatuarra izan zen, irlandar jatorrizkoa.
XX. mendeko idazle estatubatuarrik garrantzitsuenetarikotzat jotzen da. «Belaunaldi Galduaren», XIX. mendearen azken aldera jaio ziren eta Lehen Mundu Gerran heltzea egokitu zitzaien estatubatuarren bozeramaile izan zen. Gazteria eta etsipena izan ziren gehien jorratu zituen gaiak.
Lehen urteak
Fitzgeraldek The Saturday Evening Post aldizkarirako idatzi ohi zuenJatorriz irlandar familia batekoa zen, eta oso gazte zela zaletu zen literaturaz. Familiaren mikrokosmosaren barruan haren segurtasunik ezaren eta arrakasta nahi goiztiarraren aztarnak aurkitu daitezke; aita Hegoaldeko zalduna zuen, fortuna urrikoa, eta ama, berriz, irlandarra jatorriz, eta katolikoa, salerosle aberats baten alaba. Amaren aldeko aitonari esker, F. Scott Fitzgeraldek New Jerseyko Newman Schoolen ikasi zuen, eta Princentongo Unibertsitatean gero. Han, Edmund Wilson ezagutu zuen, eta urte askotako adiskidetasuna hasi zuen harekin.
1918an, ikasketak amaitu gabe utzi ondoren Lehen Mundu Gerrara soldadu joateko, Zelda Sayre ezagutu zuen, haren eleberrietako neskatxa guztien eredu izango zena, eta harekin ezkondu zen bere lehen eleberri arrakastatsuekin ospea eta dirua lortu ondoren. Orduan hasi zen Zeldaren eta Fitzgeralden arteko ospe handiko bizitza, Europa eta Amerika artean, Hemingway, Gertrude Stein eta Dos Passos idazle erbesteratuak bizi ziren Paristik jazzaren aroko New Yorkera: ametsezko jai amaigabe bat izan zen, haien alaba Scottie jaio arte (1921) eta hondamendiaren lehenengo zantzuak sumatzen hasi ziren arte luzatu zena: Fitzgeralden zailtasun ekonomikoak eta emozionalak, eta Zeldaren buruko gaitzaren lehen sintomak. Zelda erietxe batean sartu zuten, eta 1948an hil zen, erietxeak su hartuta. Fitzgerald, zahartuta, alkoholak menderatuta, izandakoaren mamu bihurturik, azken urteetan bere gaztetako sormena berreskuratzen ahalegindu zen.
Francis Scott Fitzgeraldek Lehen Mundu Gerraz geroko gizartea, eta gizonaren eta patuaren arteko gatazka islatu zuen batez ere bere obran. Haren literatura-karrera 1920an hasi zen, izugarrizko arrakasta izan zuen eleberri batekin: This Side of Paradise (1920, Paradisuaz honantz). Obra hura, erdi biografia, erdi dokumentua eta erdi alegia, «jainko guztiak hilda, gerrak borrokatuta, eta gizonarenganako fedea suntsituta» aurkitu zituen belaunaldi batek bere burua ezagutu zuen ispilua izan zen. Esan bezala, obra horrek izugarrizko arrakasta izan zuen, eta garai hartako aldizkari ospetsuenetan – Scribner’s, The Saturday Evening- artikuluak idazteko aukera eman zion.
Bigarren eleberria, The Beautiful and Damned (Ederra eta madarikatua), bikote baten ametsei eta etsipenei buruzko azterketa, 1922an argitaratu zuen. Gero, Frantziara joan zen bizitzera Zeldarekin, eta handik gutxira bukatu zuen bere hirugarren eleberria, denetan ospetsuena eta arrakastatsuena: The Great Gatsby (1925, Gatsby handia, X. Olarrak euskaratua). Estatu Batuetako eleberrigintzaren maisulanetako bat da obra hori. Lan horretan, Fitzgeraldek aberatsen emozioak eta ahuleziak aztertu zituen. Eleberriaren indarra zeharbidezko kontakizun baten argitasun formalean datza: Fitzgeraldek, Henry Jamesen eta Joseph Conraden urratsei jarraituz, «lekuko» baten esku utzi zuen amerikar mitoaren ibilbide magikoa eta dramatikoa gogorarazteko zeregina.
1934an Tender is the night (Gaua samurra da) kaleratu zen, kontakizun hunkigarria eta zirraragarria, berak bere lan hoberentzat jo zuena, aurrekoak adina arrakasta izan ez bazuen ere. Eleberri horretan Fitzgeralden gai nagusiek -zoriontasuna eta dirua, lilurapena eta dirua parrastaka gastatzea- adierazpide berria aurkitu zuten hizkuntza-modu arranditsu eta espektral batean, egitura zabal eta oinazetu batean. Handik gutxira, alkoholaren kontsumoagatik osasuna hondatzeko bidean, Hollywoodera joan zen, eta filmetarako gidoiak idazten aritu zen.
Istorio laburren idazleaEleberriez gainera, baina, Fitzgeraldek zenbait kontakizun labur idatzi zituen -Tales of the jazz age (1922, Jazz aroko ipuinak), Taps at reveille (1935, Diana jotzea)-, eta izan zuen krisiaren berri ematen duen saiakera-bilduma bat -Crack up (1945)-.
1939an hasi zuen bere azken eleberria, The Last Tycoon (Azken magnatea), hil ondoren argitaratua. Obra hori, Gatsby handia bezala, film bat egiteko erabili zen; hondamenerantz doan gizon bikain baten azterketak testamentu-oihartzuna hartzen du. 1940ko abenduaren 21ean hil zen, Hollywooden.
Francis Scott Fitzgerald 1920 ondoko «urte zoriontsuekin» lotuta dago ezinbestean, eta sarritan ezagunagoa izan da garai hartako pertsonaia, idazlea bera baino. Egia esan, berak idatziak dira Estatu Batuetako eleberrigintzaren orrialde bizi eta perfektuenetako batzuk. Beste inork ez bezala lehenago, Estatu Batuetako esperientzia termino poetikoetan, xehetasunetan aberats, adierazteko gaitasuna izan zuen, haren dimentsio erromantikoa bete-betean harrapatuz.