Entrenatzen ari zela, eskuin belauneko meniskoan lesioa izan du Julen Olaizolak; ebakuntza egin berri diote Quiron ospitalean, eta sei astez kantxetatik kanpo egongo da, ezingo duelarik ez Lagun Aro GBCrekin ezta Iraurgi Lan Mobelekin jokatu denbora tarte horretan.
Easo Saskibaloi Taldeko eta Real Madrileko beheko taldeetan urte askoan jokatu du Julen Olaizolak (Aiete, 1993). Iaz, ordea, etxera itzultzea erabaki zuen, GBCk egindako eskaintza onartuz. Gaur egun, Zilarrezko LEB Mailan jokatzen du GBCren harrobiko taldean; baina ACB Endesa Ligan jokatzeko aukeraren bat izan du, Sito Alonsok emandako aukerei esker. Bere esperientziaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Lehenik eta behin, zer moduz zaude momentu honetan? Oso ongi. Asteartean makuluak kendu zizkidaten eta ongi moldatzen ari naiz. Fisioterapeutarekin egokitze ariketak egiten ari naiz eta pixkanaka geroz eta hobeto nago.
Baja luzerako izango duzu? Berez sei asterako izango nuela esan zidaten, eta oraindik ez dakit zer gertatuko den.
Bueno eta zer moduz doakizu orain arteko esperientzia? Momentuz nahiko ongi. Hasieran kosta egin zitzaidan egokitzea; entrenamenduak nituelako egunero, eta egun batzuetan Azpeitiara joan behar izaten nuelako, besteetan Donostian… pixka bat nahasgarria zen. Hala ere, behin ohitura hartuta ongi moldatu naiz, eta oso gustura nago etxean.
Mikel Motosekin batera, Lan Mobelen eta GBCn entrenatzen zabiltza. Nola antolatzen zarete? Normalean, Mikelek eta nik goizetan GBCrekin entrenatzen dugu, gero unibertsitatera joan behar dugulako. Bestela, astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan GBCrekin entrenatzen dugu, eta ostegunetan eta ostiraletan Azpeitiara joaten gara; egun batean entrenatzera, eta bestean, jokatzera. Gero, GBCk partida izaten duen egunaren arabera entrenamenduak aldatu egiten dituzte.
Zer ari zara jasotzen talde bakoitzeko esperientziatik? Talde desberdinak dira. GBCn, eskarmentu handiko jokalariekin entrenatzeko aukera dugu, guk baino askoz gehiago dakitenak, eta hor ikasten dugu gehien. Azpeitiakoa desberdina da, jokalarietako asko berriak gara eta oraindik taldea osatu behar dugu. Sentsazio desberdinak dira. Talde batean ikasi behar dugunak gara, eta bestean dakigun bezala jokatzeko aukera daukagu. Dibertigarria da taldez aldatzen aritzea eta bakoitzera egokitu beharra.
Zer moduz doakizue Liga Lan Mobel Iraurgirekin? Ligako sailkapenean nahiko beheran goazela uste dut, baina badira hiru aste ez dudala beraiekin jokatzen. Hasieran elkartutako 12 jokalari ginen, ez genuen talde bat osatzen, eta pixkanaka hobetzen ari gara. Gogor entrenatzen dugu, eta ahal dugun guztia egiten dugu.
GBCrekin, berriz, Liga hasiera gogorra izan zenuten, puntu gutxigatik galdutako partidekin. Baina orain, sekula baino indartsuago dago taldea, ezta?
Hasiera gogorra izan zen, partida asko galdu genituelako, oso gutxigatik. Orain gauzak ongi ateratzen ari dira eta gogor ari gara, ea bolada on honekin jarraitzeko gai garen.
Aulkian gehiago sufritzen duzue? Bueno, desberdin sufritzen dela esango nuke.
Jokatzeko aukeraren bat izan duzu. Hasieran oso urduri nenbilen, baina pixkanaka ohitzen ari naiz. Gutxi jokatu dut, baina Illunbeko zaleen txaloetara ohitzen ari naiz.
Nola jarraitu zenuen lehengo astean Bilbao Basketen aurkako partida? Telebistaz ikusi nuen eta sekulako partida iruditu zitzaidan. Sergik luzapena lortu izana izugarria izan zen.
Igande honetan Bartzelona dator Donostiara (12:30). Zer nolako partida aurreikusten duzu? Irabaztea posible da. Azken partidetan bezala ateratzea eta ongi defendatzea izango da sekretua.
Taldean nabaritzen duzue Koparako sailkatzeko ilusioa?
Partidaz partida goaz eta hobe da itxaropen faltsuak ez sortzea.
Nork Estitxu Zabala 2012/01/12