Krisiak eta erregaien salneurrien igoerak donostiarren kontsumo ohiturak aldatu dituzte.
Gidarien ohiturak aldatzen ari dira, erregaien prezioak gora egiten jarraitzen duelako. Gasolindegietako arduradun batzuek diotenez, jendeak kopuru txikiagoak jartzen ditu, batez ere hilabete bukaeretan. Erosleak, krisiagatik, prezioari begiratzen hasi direla adierazten dute.
Joan den astean goia jo zuen gasolinaren bataz besteko prezioak; izan ere, 1,392 euroren markara iritsi zen. Gasolioaren salneurria, ordea, % 1,9 igo da aste bakarrean 1,350 eurotan saltzen dutela.
Hala eta guztiz ere, duela hilabete baino merkeago saltzen dute, orduan zentimo bat garestiago zerbitzatzen ari baitziren erregai diesela. Horrek kontsumitzaileen ezinegona areagotu du. Martuteneko gasolindegian lan egiten duen Jexux Jauregik dioenez, «kexa beti egoten da, baina, beharrezkoa dutenez, erosi egin behar izaten dute».
Hasier Gomezek ere nabaritu du erregaiaren igoera. «Duela pare bat urte, 300 kilometro egiteko motorrari 12 euro gasolina jarri behar izaten nizkion. Orain, berriz, 15 ordaindu behar izaten dut». Bidebietako gasolindegian beste bezero batek esaten duenez, bera prezioak alderatzen hasi da, eta merkataritza zentro bateko gasolindegian betetzen du autoaren gasolina andela: «Gaur presaka nabilelako etorri naiz hona, beno, horregatik eta gutxi jarri behar dudalako».
Jexux Jauregik aldi bakoitzean jarritakoan nabaritu du alderik handiena. «Gasolina berdin berdin jartzen dute, baina lehenago andela beti betetzen zutenek, orain hilabete hasieran bete, eta bukaeran gutxiago jartzen dute».
Jauregiren arrebak, Mari Carmenek, beste gasolindegi batean egiten du lan. Garraioaren profesionalek berdin jarraitzen dutela dio, aldea partikularrengan ikusi du: «Hamar euro jartzen dutenak ere badaude, eta hori ez zen lehenago ikusten». Nork Mikel Goñi