Ohartuko zineten: oso urte gutxian, hiztegia aldatu zaigu/dugu. Gure mingainak atzo arrotz zituen hitzak esaten ditugu gaur; edo zentzua aldatu diogu hainbat hitz ezaguni. Inflazioa eta deflazioa bereizten-edo ikasi dugu. Erreskateak ez garamatza, lehen kolpean, mendiko istripuetara edo bahiketaren batera: ekonomia erreskatatzeko aitzakian, pobrezia hitza erreskatatu dugu gordin-gordin.
Etorkizuna dugu izu, baina ez, atzo arte bezala, txinatarren edo lehergailu atomikoen kulpaz: izango dugun bizitza egunerokoak izutzen gaitu. Azken urteotako bizi-maila atzera ezina zelakoan, jakin berri dugu 300.000 euskal herritar bizi direla pobrezian; hamar biztanletik bat, erraz esaten da. Eskubideak betirako zirelakoan, guztiz utzi gaitu jota haien hauskortasunak (zehatzago esateko: gure hauskortasuna gelditu da popa bistan, eskubideok defendatzeko kemen faltagatik).
Mundua aldatu zaigulako ari gara aldatzen hiztegia.
OHARRAK (Post scriptum)
Ariketa polit bat: gogoratu zer ginen/zer geneukan orain lauzpabost urte, berritu zein ziren gure kezka nagusiak, irudikatu gure lantokiak eta laneko lagunak, pentsatu nolakoak ziren gure kaleak, hausnartu nola aldatu den bai giro politikoa bai giro soziala…
Egin konparazioak, atera (edo bilatu) ondorioak…
AL