‘Etxe tristeak’ udalera jo du babes bila

'Babestu etxe triste bat' ekimenean Jürgen Wolffek eskakizuna egin du udal erregistroan 'etxe tristez' mozorrotuta. (Argazkia: Mikel Goñi)..

Kepasakonlakasak, etxebizitza duinaren aldeko kolektiboak uste du Donostiako etxe gehiegi triste daudela, beraien barruan inor ez delako bizi. Hori dela eta, udaleko alderdi politikoetara jo dute, egoeran izan dezaketen eragiteko ahalmena erabil dezaten arazoa arintzeko saiakeran.

Atzo goizean modu grafikoan irudikatu zuen Kepasakonlakasa taldeak etxe hutsen arazoa. Hain zuzen ere, hutsik dagoelako triste dagoen etxebizitza batek udal erregistroan lau eskaera aurkeztu baitzituen. Aldarrikapen ekintza baino lehen egindako prentsaurrekoan, kolektibo horretako Jürgen Wolff ekintzaileak azaldu zuen ekimenaren nondik norakoa taldearen izenean: «Alderdi bakoitzari proposatzen diogu alderdi berak kudeatzen dituen erakundeen esku dauden erabili gabeko bi etxe eraikinen auziak ebatz ditzan». Hori da, talde honen arabera, etxe tristea babestea.

Ekimenarekin gertatzea nahi dutena azaldu zuzen Wolffek. «Espero dugu errazago izatea alderdi bereko kideekin hitz egitea». Taldeak esandakoaren arabera, etxebizitza horiek guztiak jabego publikokoak edo erdi-publikokoak dira. Ekimena azaltzeko adibide gisa, PPri ministerioren baten eraikinaz galde diezaioketela adierazi zuen.

Nahiz eta aldez aurretik ez zuten argitu zein eraikin eta etxebizitzari buruz ari diren, «302 etxebizitza potentzialez» dihardutela esan zuen. EAJri 100, PPri 96, Bilduri 70 eta PSE-EEri 38 etxebizitzen egoera jorratzeko erantzukizuna «egokitu» diete.

Eskaeraren ofizialtasuna bermatzeko etxebizitzaz mozorroturiko Wolff lau alderdiei zuzenduriko gutun egokitu bana sartu zituen udalaren erregistroan. Ekimenaren jarraipena ere egingo dute, eta maiatzaren bukaeran eraikin zehatzen datuak emango dituzte, guztiaren «emaitzekin batera».

Lau urtez gaia jorratzen

Kepasakonlakasa kolektiboak lau urte daramatza lanean etxebizitza hutsen arazoaren inguruan; azken hilabeteetan Stop Desahucios taldea batu zaio. Denbora honetan aldarrikapen ekintza sortzaileak gauzatu dituzte; besteak beste, arazoa pairatzen den guneetara egindako bisita turistikoak eta sustatzaileei zuzendutako lehiaketak.

Otsailaren 14ean bi talde hauek egindako etxe hutsen errolda ezagutzera eman zuten, eta datu osoak ez ziren arren, arazoa mahai gainean jartzeko balio izan zuela uste du Wolffek. Kutxak Loiolako Erriberan duen eraikin baten etxebizitzen prezioa eta azalera txikitu izanaren atzean, beste arrazoi batzuen artean, ekimen hori zegoela pentsatzen du taldeak.

2012/05/15   Nork Mikel Goñi

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio