Japoniako Kawada enpresaren Hiro robota Europan hedatzeko ardura hartu du Tecnaliak; Miramonen aurkeztu dute lanabes humanoidea.
Europara Donostiatik iritsiko da Hiro robot humanoide japoniarra. Tecnaliak moldatuko du makina hau kontinente honetako enpresa mundura egokitzeko. Japoniarrek uste dute gizaki forma izateak bere ondoan lan egitea erraztuko duela, eta teknologia euskal enpresaren arduradunek langabezia areagotzeko arriskurik ez dute ikusten.
Tecnaliak Miramongo Teknologia Parkean du Industria Sistemen sailaren egoitza, eta bertan kudeatu da Hiro robot humanoide japoniarra Europara ekartzeko proiektua. Era berean, Miramonen egingo dira hemendik aurrera lanabes horrek beharko dituen egokitzapenak.
Japoniako Kawada enpresa da robotaren beraren egilea; hala ere, Ekialdeko herrialde horretako konpainiak Europako beharretara egokitzeko laguntzailea Tecnalian aurkitu du.
Tecnaliako Negozio saileko zuzendari Agustin Saenzek esandakoaren arabera, robotei dagokienez, oso kultura ezberdinak dira Japoniakoa eta Europakoa. «Hemen ez dago gizaki forma duen robotik; han, berriz, oso ohikoa da forma hori». Produktuaren berrikuntza bikoitza da: humanoide itxura duen robota sortzea eta gizakiekin batera lan egiteko egokiak diren tresna izatea.
Europako roboten forma eta diseinua direla eta, orain arte, ezinezkoa izan da gune berean gizakiek eta makinek lan egitea. Tecnaliako Industria Sistemak sailaren arduradun Daviz Sanchezek azaldutakoaren arabera, «Hiro robota soziala da; hau da, gizakiekin espazioa parteka dezake, segurtasunerako diseinatuta dagoelako». Modu horretan robotek eta gizakiek osatutako lantaldeak egin ahal izango dira.
Horrelako makina baten beharra lanen eraginkortasunean ikusten dute Tecnaliako kideek. Sanchezek areago azaldu zuen. «Roboten zehaztasun zein indar ahalmena eta gizakiaren inteligentzia bateratuta, askoz lan probetxuzkoagoa egin daiteke». Aldamenean duen gizakiarekin eta bere inguruarekin harremanetan jartzeko Hirok lau begi ditu; bi buruan eta beste bi esku banatan; bere ondoan beldurrik gabe aritzeko arrazoia.
Enpresa txikientzat egokia
Bateratzerako, ordea, robotak espresuki prestatu behar dira. Hor sartzen da Tecnaliaren lana: Kawadak egindako robotak enpresa eta lanpostu zehatzetarako egokitzeko proiektua osatzen, hain justu. «Egokitzapenerako programazioa eta atzaparren, edo eskuen, diseinua egokitu behar ditugu, ez delako gauza bera pieza handiekin lan egitea edo torloju txikiak eustea», Sanchezek azaldu zuen.
Robotak 20.000 eta 30.000 mila euro arteko kostua izango du, eta Saenzek azaldu duenez, horrek egokia egiten du lanabes hau inguruko enpresa txiki eta ertainetarako. «Dagoeneko interesa erakutsi duten gertuko bezeroak baditugu». Bertaratu zirenen beldurrak uxatu nahi izan zituzten Tecnaliako arduradunek. «Robotak ez du jendea kaleratuko, gizakiekin batera enpresaren eraginkortasuna igoko du; robot gehien dauden herrialdeetan langabezi tasa txikiena dute».
Beldurrik ez, robotei 2012/05/22 Nork Mikel Goñi