Emausen bergizarteratze zerbitzu berriak igandean zabalduko ditu ateak

Baztertze egoeran bizi diren lehen erabiltzaileak  astelehenean helduko dira Muntora beste zerbitzu batzuetatik.

Igandean zabalduko ditu ateak ofizialki Emaus Gizarte Fundazioaren bergizarteratze zentroak. Azpiegitura berria Aieteko Munton dago eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontzertatutako gizarte larrialdi zerbitzua da. Eraikinean, luzaroan baztertze egoera bizi duten 21 laguni laguntza emango diete. Astelehenetik aurrera heltzen joango diren erabiltzaileak lurraldeko beste zentro edo programa batzuetatik bideratuko dituzte.
Zentroaren zuzendaria Nerea Kortajarena da (Egia, 1974). Muntoko zerbitzuaz arduratzeaz gain, Emaus Gizarte Fundazioko Bergizarteratze proiektuen burua ere bada. Azaldu duenez, erabiltzaileek bi berezitasun nagusi dituzte: bazterketa kronifikatu dute, eta adinari dagokionez, 60 urtetik gorakoak dira. “Baztertzea luze jasan dute eta horri beste zailtasun batzuk gehitu zaizkionez kroniko egin da”, argitu zuen Kortajarenak. Hauentzako hiru urte arte luza daitezkeen prozesuak aurreikusten dituzte. Zorrotzak izan arren, erritmo lasaikoak. “Arreta espezializatua, egokitua eta orokorra izango da. Egoerak anitzak direnez, aukera desberdinak eman nahi dizkiegu”.
Baztertze egoera gordinenekin lan egiten dute. “Baztertzeak aurpegi eta faktore asko ditu, oso norberarenak. Komunean dute oso bortitzak direla. Orokorrean, egoera askoren konbinazioa da: muturrekoak, desegituratutakoak, eta kiribilean gertatzen direnak”, zehaztu du egiatarrak. Bizi kalitatea eta baldintzak hobetu, autonomia garatu eta duintasuna lantzea izan da langileen egitekoa. Epe luzerako helburu handia lortzeko erronka txikiak jarriko dizkiete erabiltzaileei. “Bizi baldintza gogorrak, prozesu luzeak… Porrot sentipena dakarte. Helburuak bakoitzari egokituko zaizkie, baina garrantzitsua da helburu txikiak betetzen doazela sentitzea”, argitu du arduradunak.
Arreta espezializatua uneoro
Udalak utzitako 289 metro koadroko azalera duen orubean, bost pisuko eraikina egin dute –bi lurzoruaren azpian–. Bertan, egoitza eta eguneko zentroa prestatu dituzte. Erabiltzaileetako batzuek hiru solairutan barrena dauden banako geletan izango dute bizitokia. “Xumeak baino funtzionalak dira”. Ohea, mahaia, apalak, armairutxoa eta ispilua. «Ispiluari garrantzia ematen diogu, askotan barruan gertatzen denaren isla baita kanpokoa”, nabarmendu du Kortajarenak.
Bizitokia badutenek, aldiz, eguneko zentroaren bidez parte hartuko dute programetan. Hala ere, denek zerbitzu bera jasoko du. “Orokorrean arreta espezializatua jasoko dute eguneko 24 ordutan. Gizarte lanetako teknikari baten laguntza soziala, hezitzaile zerbitzua, eta bakoitzaren beharrak kudeatuko dituen erreferentziako profesional bat izango dute”. Horrez gain, eguneko zentroaren zerbitzuak ere izango dituzte, 09:00etatik 17:30era bitartean. Zentroan bizi ez direnei, berriz, 08:30ean hasita dutxatzeko eta gosaltzeko aukera emango diete; bertan arropa garbitzeaz gain.
Eguneko zentroko ekimenak hiru multzotan banatzen dira. Batetik, eguneroko jarduerei lotutako gaitasunak garatzea xede dutenak: arropa garbitu, lisatu, sukaldean moldatu, autobusa hartu… Bestetik, gaitasun sozialak eta bakoitzaren egoeraz jabetzearekin lotura dutenak. Azkenik, okupazionalak. Hauez gain, kirola, lantegi kognitiboak, irteerak… ere egingo dituzte.
Bost langilerekin ekingo diote, baina beteta dagoenean, zazpi izango dira. Lehen hilabeteetan, ordea, dozena bat lagun izango direla uste dute arduradunek. Abendurako, berriz, erabat bete arteko bidea egitea aurreikusi dute.
Zerbitzua bertan kokatuko zela erabakitzeak Muntoko bizilagunen haserrea piztu zuen. Irekiera atzeratzen joan den heinean baretu egin da. Hala mantentze aldera, auzoari zabaltzen saiatuko dira. “Datozen hilabeteetan bizilagunei zer egiten duten azalduko zaie, hori ezagutzera gonbidatuz, ahal den neurrian beldurrak uxatzeko”, aurreratu du Kortajarenak.
2012/06/29 Nork Maitane Aldanondo
Emaus Gizarte Fundazioaren Muntoko eraikina. (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio