Henry James

Henry James (New York, 1843ko apirilaren 15 – Londres, 1916ko otsailaren 28), AEBetako idazle eta literatur kritikaria izan zen. Bere azken urteetan Erresuma Batuko herritar bihurtu zen.

Idazlanen ezaugarri nagusia

 

Henry James Ozeano Atlantikoaz bestaldeko literaturaren idazlerik onenetakotzat hartu izan da. Bere idazlanek mundu zahar eta berriko pertsonaiak lotzen dituzte maiz. Pertsonaien barneko drama psikologikoak nahiago izan zituen eta alienazioa ohiko gaia da bere idazlanetan.

Estiloa

Jamesen estiloak perpaus eta deskripzio luzeak ditu. Hasieran estiloa erraza eta argia zen, baina izkribu-kopiatzaile bat erabiltzen hasi zenean aldatu omen zen. Henry James pixka bat totela zen, baina astiro mintzatzeari esker gainditzea lortu zuen. Literatura onak gizon azkar baten solasaldiaren antza eduki behar zuela uste zuenez gero, bere idazlanen diktaketa izan daiteke perpausen aldaketaren zergatia. Bere prosa batzuetan barroko bihurtzen da.

Atzerriratua

Bere bizitzaren zati batean Europan bizi zen. Bere idazlanetan ohiko gaia da amerikar bat Europan bizitzen egotearena. Horrela aurez aurre ipini zituen amerikarren lañotasuna (sofistikaziorik eza) eta europarren sofistikazioa.

Egoera ekonomikoa

Ez zuen dirutza handirik lortu bere liburuengatik, baina harremanak zituen goiko klasekoekin. Nahiz eta haietakoa ez izan, Henry James familia dirudun batean jaioa zen eta, beraz, haien arazoak ondo ulertzen zituen. Bere liburuetarako ideiarik onenak horrelako bileretako txutxu-mutxuetatik atera zituen.

Literatur kritikaria

James literatur kritikaririk onenetakoa izan da eleberriaren historian. Artikulu asko idatzi zituen eleberrigile askori buruz. Klasikotzat jotzen da Nathaniel Hawthorneri buruzko bere azterlan luze eta zehatza.

Gutunak

Henry James gutunen idazlerik garrantzitsuenetako bat izan zen.Hamar mila baino gehiago idatzi zuen eta haietako hiru mila inguru argitaratu dira. Gutunak idatzi zizkien bai idazle ospetsuei —Robert Louis Stevenson eta Joseph Conrad, adibidez—, bai bere lagun-taldekoei. Gaiak “txorakeriak” ziren (berak esan zuen bezala) baita gai pertsonalak, arte-gaiak edo gizartekoak ere.

Kritikarien jarrera

Kritikarien artean Jamesek zuen ospea amildu zen hil eta hurrengo hamarkadetan. Batzuek areriotasuna erakutsi zioten bere atzerriratzea dela eta, baita ingeles herritartasuna hartzeagatik ere. Beste batzuek kritikatu zuten Jamesen estilo zaila edo sexua edo beste gai eztabaidatsuak nola tratatu zituen.

Hala ere, nahiz eta kritika horiek ez desagertu, Henry James balioetsia izan da bere sakontasun psikologikoagatik, egoerak edo argumentuak sortzeko maisutasunagatik, umoreagatik eta hizkuntza maisuki menderatzeagatik.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio