Aiete, 14 mila biztanle ditu gutxi gora-behera, eta auzotar guztientzako bederatzi taberna eta sei denda besterik ez daude. Oraindik dituen gabezien isla izan daitezke datu hauek. Kultur etxea egin arte ez zuten bilgunerik.
Era berean, Lantxabe auzo-elkartea bera ere erreferente bihurtu da bizilagunen artean. «Denetariko kexak, proposamenak, kritikak, enkarguak… jasotzen ditugu, eta gu gustora, auzorako onuragarria den edozertan aritzeko prest gaude eta», onartu du Juan Carlos Berzosak. Askotan bizilagun eta erakundeen arteko bitartekari lana egitea tokatu zaiela onartu dute; «arreta gehiago egiten digute guri Lantxaberen izenean joanda, auzotar soil bat joanda baino. Pisu hori urtetako lanarekin lortu dugu, eta probetxua atera behar zaiola uste dugu», aitortu du Felix Perezek. Baina ez dira proiektu handiak esku artean dituzten guztiak; auzoa eta auzotarren zaindari lana ere egiten omen dute sarri. Adibidez, Aieteko parkean lehen ez zegoen kaleargirik, eta ez zen batere ikusten. «Kultur etxeko langileek mesedez beraiekin geratzeko eskatu ziguten behin, oso iluna zegoela, eta beldurra ematen ziela bakarrik geratzea», dio Felix Perezek.
Lantxabe, errefentzia puntua
Oso auzo elkarte bizia da Lantxabe. «Gehienak 55 urtetik gorakoak gara, eta orokorrean denbora asko dugunez, Aiete zaintzen saiatzen gara», dio Felix Perezek. Gazteak ere hasi omen dira ekimenak antolatzen. Beraz, etorkizunean ere, badute Lantxabe saltsero baten esperantza.
Momentuan beraiei tokatzen zaie lan egitea. «Saltsa guztietan sarturik gaude, baina Aieteko izaera sendotzea lortzen badugu, gustura ariko gara», aipatu du Juan Carlos Berzosak. Piskanaka, Aieteren garapena ikusi dute; «baina oraindik badago zer egina, Miramongo Parkearen etorkizuna erabaki gabe dago», dio Felix Perezek.
Lantxabek adin guztietako bizilagunengana heldu nahi du, eta mota guztietako ekimenak antolatzen dituzte. Erakusketako karteletan atzeman daiteke aniztasun hori, eta hamar urteen pisua ere bai: «Hasierako kartelak oso xumeak dira, beste batzuk berriz oso bitxiak; garai eta egile desberdinen isla dira», aipatu du Felix Perezek. Garai berrietara moldatzeko ahalmena eta lanerako gogoa dira Lantxabe auzo-elkartearen birtute.