Aieteko Lantxabe auzo elkartearen hamar urtetako lana islatzen saiatu dira erakusketa batean, hogei kartelen bitartez
Aieteko Lantxabe auzo elkarteak hamar urte bete ditu. Hamar urte bete ditu, baina hamaika bizipen dituzte kontatzeko. Hamaika bizipen dituzte, baina hogei karteletan bildu dituzte beren unerik esanguratsuenak. Datu saltsarik ez genuke sortu nahi Lantxaberen inguruan, bestela ere nahiko saltseroa izatearen ospea bereganatu baitu auzo elkarte honek.
Felix Perez eta Juan Carlos Berzosak ederki ezagutzen dute erakusketako kartelek gordetzen dutena, ia hasieratik baitabiltza lanean Lantxabe auzo elkartean. Alor desberdinak jorratu dituzte: protesta ekimenak, jaiak, jarduera kulturalak, kirola… azken finean, auzo bizi batean sortu daitezkeen jarduera guztiak. Aiete auzo bizia dela diogu, baina ez omen da beti horrela izan. Juan Carlos Berzosaren esanetan, «Aiete oso zabala da, oso sakabanatua eta piskanaka-piskanaka lortzen ari bagara ere, bertako bizilagunak ez ziren aietearrak sentitzen; bakoitza bere etxe inguruan mugitzen zen, baina ez zegoen Aieteko auzotar sentimendurik».
Batasun hori lortzeko auzo-elkarte bat sortzea izango zela onena pentsatu zuten. Lagun talde bat bildu eta Errege Magoei eskutitza idatzi zuten, ondoren etxez etxe banatu zutena. «Ametsez edo ilusioz beteriko eskutitza zela esan izan digute askok, baina orduko ilusio asko errealitate bihurtuak daude gaur egun; Aieteko parkean Kultur Etxea eraikitzea, adibidez», dio Felix Perezek.
Katxola ere Lantxabe bizilagun elkarteak harrotasunez goraipatzen duen lorpena da. Harriz harri berreraiki zuten, eta Munto baserritik ekarritako dolarea martxan jarri zuten bertan. Lantxabek du Katxola baserria kudeatzeko ardura, eta zintzo betetzen du bere zeregina, urtean zehar hainbat ekimen burutzen baitira bertan.