Prezioen igoera bolo-bolo dabilen garai honetan, Donostiako Ontzi Museoak erronka bota du, eta arraunlariak bezala, bizimoduaren garestitzearen olatuaren aurka hasi da arraunean. Izan ere, iraila osoan zehar Ontzi Museoak berak argitaratutako hainbat liburu merke-merke izango dituzte salgai.
Gorka Lopez de Alda, museoko langilearen arabera, jendearen harrera oso ona izaten ari da gainera. Bere esanetan, «lehen ere baziren liburuak erosten zituzten bezeroak, baina prezioak merketu ditugunean jendea asko hurbildu da eta liburu asko saldu ditugu. Egia esan, oso prezio onean daude eta jendea aukera aprobetxatzen ari da».
Altxor bihurtutako liburuak
Liburu hauek edizio mugatukoak izaten dira, eta oso kasu gutxitan izaten da bigarren argitalpen bat. Liburu eskaintza zabala du Ontzi Museoak, beti ere itsasoa eta arrantzari lotutakoak. Beraz, bezeroak ere itsasoarekin nolabaiteko lotura dutenak izan ohi dira. Gorka Lopez de Aldaren esanetan, «Museoa ikustera etorri eta libururen bat erosi duenik bada, baina normalean jendea propio etortzen da liburu zehatz baten bila. Historialariak, merkantzia-ontzietan aritutakoak,ikasleak eta orokorrean itsasoarekiko grina duen jendea etorri ohi da».
Itsasoko mapak, eskutitzak, eskuliburuak, euskal arrantzaleen historia errepasatzen dutenak, urpeko arkeologia eta ondareari buruzkoak, baleazaleen ibilerak biltzen dituztenak, asko dira itsasoari lotutako altxorrak, liburu hauen orrietan bila daitezkeenak. Salduenen artean, berriz, Bolbora eta izarpean. Txurruka ta ilustrazioko beste itsasgizon euskaldun batzuk; Estropadak eta Los Vascos y el Pacífico liburuak.
Baleazaleak erakusketa luzatu egingo dute
Datorren urteko apirilaren 7a arte luzatuko du Ontzi Museoak Baleazaleak erakusketa. Erakusketan aintzinako eta gaur egungo balearen arrantza ematen da ezagutzera eta bereziki, arrantzale euskaldunek izan duten parte hartzea azpimarratu da. Hainbat argazki eta arrantzarako materialez gain, baleazaleek erabiltzen zituzten bi ontzi ikus daitezke erakusketan. Eta hauexek erakusten dute hobekien baleen ondoan txiki geratzen ziren baleazaleen handitasuna.
2012/09/11