Surf munduan girotutako thriller bat filmatzen ari dira Donostian. Tres-60 izena du filmak. Luis Berdejo donostiarrak idatzi du gidoia, eta Alex Ezkurdia legorretarra ari da zuzendari lanetan. Berdejo egun Los Angelesen ari da lanean, eta ez du filmatze lanak bertatik bertara ikusteko aukerarik izan. Ezkurdiak azaldu du bisarekin arazoak izan dituela, eta ezin izan duela inola ere Donostiara etorri.
Gaur prentsarentzako aurkezpen bat antolatu dute Aieteko jauregian, kazetari eta argazkilariek filmatze lanak nola doazen ikusteko. Bertan izan da Alex Ezkurdia zuzendaria filmean parte hartuko duten aktore gehienekin. Batetik, Sara Salamo eta Raul Merida protagonista nagusiak. Bestetik, Geraldine Chaplin, Joaquim Almeida eta Guillermo Estrella, bigarren pertsonaiak.
Geraldine Chaplin aktorea Tres-60 zein motako filma den azaltzen saiatu da, baina lan “sailkaezina” dela aitortu du. “Surfari buruzko istorio bat da, baina ez da. Maitasun istorio bat da, baina ez da. Beldurrezko istorio bat da, baina ez da. Abenturazko film bat da, baina ez da. Thriller bat da, baina hori ere ez da. Film bat nolakoa den esaten ez dakidan lehen aldia da. Zirraragarria eta deskribaezina dela esan dezaket soilik”, plazaratu du aktoreak.
Chaplinek eta Joaquim Almeidak pertsonaia “enigmatikoenen” larruan sartuko direla aurreratu dute, baina ez dute ezer gehiago zehaztu nahi izan. Sara Salamo eta Raul Merida aktoreak bikote gazte protagonista izango dira. Salamok argazkilari baten pertsonaia jokatuko du; eta Meridak, surfzale batena. Hain zuzen, uretan aurkituko duten argazki karrete zahar bat izango da hari nagusia. Hari tira eginda askatuko dira filmak gordetzen dituen sekretu eta misterioak. Surflariek olatu gainean egiten duten 360 mugimenduaren izena eman diote filmari; eta pertsonaien bizitzak ere buelta osoa emango dute.
Filma egiteko proiektua aurrera ateratzea oso zaila izan dela onartu du Ezkurdiak: “Denbora luze eman dugu filmatzen hasi arte. Duela bi urte ekin genion lanari, baina aurten hasi da forma hartzen. Zailtasunak zailtasun, zorte ona izan dugu, azkenean egitea lortu dugulako”.
Astebete eman dute Aieteko jauregian filmatzen. Filmean, ordea, ez da Aieteko jauregia ikusiko.Maria Kristinahoteleko suite bat birsortu dute bertan. Izan ere, ezinezkoa izan da Maria Kristinan filmatzea. Pertsonaia nagusien eszena erromantiko bat filmatzen ari direla azaldu du Ezkurdiak. Filmaren istorioan “oso garrantzitsua” izango den bilera bat ere filmatzen ari direla gaineratu du. Bihar izango dute Aieten azken eguna.
Filmean ikusiko diren surf eszena guztiak Zurriola hondartzan egin dituzte. Raul Merida aktoreak hiru asteko surf ikastaroa egin zuen bere papera egin ahal izateko. Eguraldi ona eta olatu onak ere lagun izan dituztela azaldu du Ezkurdiak. Surflari profesional batek ere parte hartu du filmean: Aritz Aranburu zarauztarrak.
Antiguo Berri zinema aretoen kanpoaldean, Miramar jauregian, Artelekun… Donostiako hainbat txokotan izan da Tres-60 filmeko lantaldea. Inguruko herrietan ere izan dira: Zumaian, Orion, Getarian, Hondarribin eta Lekunberrin, besteak beste. Jada lau aste eman dituzte filmatzen; oraindik hiru aste geratzen zaizkie. Filma hurrengo urtean estreinatu ahal izatea espero dute.
2012/10/04 Nork Nerea Lizarralde