Egunero bezala Miramongo Pakea plazan topatu dugu Miguel Gallastegi (Eibar, 1918). Laurogeita hamalau urte baditu soinean, baina burua argi. Mila istorio, mila bizipen eta mila pasadizo ditu kontatzeko, baina pilotaz aritzeak alaitzen dio aurpegia Miguel Gallastegiri. Izan ere, goi mailako pilotaria izandakoa da bera, eta oso oroitzapen onak datozkio gogora. Trafikoa, presak eta kaleetako zarata alde batera uzten saiatzen da Miguel Gallastegi. Egunero, osasunak uzten badio behintzat, igotzen da Aieteko txoko berera. Autotik aulki bat atera, eta hantxe pasatzen du goiza lasai-lasai. Miguel Gallastegiren esanetan, «bost bat urte badira hona etortzen naizela. Egunkaria irakurtzen dut, paseotxo bat eman, edo lasai lasai egoten naiz inguru zoragarri honi begira. Bertako bizilagunek ere ezagutzen naute jada, eta gustora egoten naiz topatzen dudanarekin hizketan».
2012/10/16
Nork Agurtzane Altuna