Giorgio Bassani (Bolonia, 1916ko martxoaren 4a – Erroma, 2000ko apirilaren 13a) italiar idazlea izan zen.
Bizitza Familia burges judu batean jaio zen Italiako Bolonia hirian, baina haurtzaroa eta gaztaroa Ferraran igaro zituen eta hiri honek berebiziko garrantzia izan zuen haren lanean; Ferraran bertan hasi zen idazten (1940an Una città di pianura argitaratu zuen, Giacomo Marchi goitizenez), eta, hantxe, gazte intelektual antifaxisten talde baten oso lagun egin eta isilpeko borrokan sartu zen, Boloniako Unibertsitatean ikasten jarraitu bazuen ere.
Gerrak iraun zuen urteetan Erresistentzian parte hartze aktiboa izan zuen eta kartzela ere ezagutu zuen. 1943an Erromara bizitzera joan zen eta, han hil arte bizi izan arren, beti oso harreman estua izan zuen bere sorterriarekin. 1945etik aurrera hasi zen literatura era jarraian lantzen, hala idazle gisa (poesia, narratiba eta saiakera) nola argitaldari gisa; era berean, urte horietantxe Botteghe Oscure aldizkariko erredaktore bilakatu zen. Nazioarteko literaturari buruzko aldizkari hau 1948 eta 1960 urteen artean atera zen argitara, eta, honetan, Bassanik, garaiko Italiako nahiz atzerriko literaturarik onena ezagutzera eman zuen. Gogoratzekoa da Bassani bera izan zela -Feltrinelli argitaletxeko zuzendari bihurtuta- Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Gattopardo (1958) lanaren argitalpena bultzatu zuena. Eleberri honetan historiaren ikuspegi lirikoki etsitua nabarmentzen da; »Finzi-Continitarren lorategia»ren egilearen lanetan aurkitzen den bera, hain zuzen.
Giorgio Bassanik, orobat, telebista munduan lan egin zuen eta 1964an RAIko presidenteorde izatera iritsi zen. Horrez gain, hainbat eskolatan irakatsi zuen eta antzerkiaren historiako irakaslea izan zen Erromako Arte Dramatikoaren Akademian. Aipatzekoa da, gainera, Italia Nostra elkartean -ondare artistiko eta naturalaren alde sortutakoa- presidente gisa egindako ahalegin luze eta etengabea.
Zenbait bertso bildumaren ostean (bere olerki guztiak batera argitaratuak izan ziren, 1982an, In rima e senza izenburupean), 1956an, Strega saria irabazi zuen Cinque storie ferraresi argitalpen bateratuarekin. Arrakastarik handiena »Finzi-Continitarren lorategia»rekin (1962) lortu zuen (liburu hau Koldo Bigurik euskaratu eta Ibaizabal argitaletxean argitaratu zuen 1997an, Literatura Unibertsala bilduman; 1970ean, Vittorio de Sicak eleberriaren bertsio zinematografiko entzutetsu bat egin zuen. Halaber, zinemaren mundura gerturatu zen eta, beste zuzendari batzuen artean, Antonionirekin eta Soldatirekin kolaboratu zuen gidoien idazketan.
Egilearen hurrengo lanek Ferrara izan zuten ardatz geografiko eta sentimental: Dietro la porta (1964), L’Airone (1968) eta L’odore del fieno (1973). Hirurak ale bakar batean izan ziren argitaratuak, Gli occhiali d’oro (1958) eleberri motzarekin batera, Il romanzo di Ferrara izenburu esanguratsuaz. 70eko hamarkadatik aurrera, Bassanik bolada luzeak eman zituen Estatu Batuetan eta Kanadan eta italiar literatura garaikideari buruzko mintegiak zuzendu zituen hainbat unibertsitatetan. Epitaffio (1974) eta In gran secreto (1978) lanekin poesiara itzuli zen.
TRADUCTOR
Koldo Biguri Otxoa de Eribe (Gasteiz, Araba, 1962ko abuztuaren 25a) euskal idazlea, euskaltzain urgazlea eta itzultzailea da. Filologia ikasi ondoren, itzulpengintzan aritu da urte askoan. Gaur egun, EHUko Letren Fakultatean irakasten du, eta hainbat itzulpen lanen egilea da. EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko lehendakaria 2000-2002 bitartean eta SENEZ aldizkariko zuzendaria 1994-99 bitartean.