Bizilagunekin bilera egin du udal gobernuak Aieten, Muntori buruzko berria emateko.
Hogei bat lagun bildu dira udal gobernuak deitu duen Munto baserriari buruzko bileran. Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek ordea, bizilagunei berri txarra eman die; eraitsi beharrean daudela alegia; “pena handiarekin gaude, baina Munto baserria bota beharrean gaude”, azaldu du.
Izan ere, Herri Partaidetza zinegotzi Axier Jakak azaldu duen bezala, auzoaren eskaera bat izan zen Munto berreskuratu eta babestea. Burutaranek udal gobernuak baserria mantentzearren egindako guztia azaldu du. Besteak beste, aurrekontuetan birritan saiatu direla baserria eraberritzeko partidak sartzen azaldu du. Bi saiakeretan, ordea, ez dute gainontzeko alderdien babesik jaso.
Baita ere, azaldu du, beste erakunde publiko zein pribatuek bere gain har zezatela proiektua, baina hori ere ez dutela lortu. Azken urtean baina, hainbatetan erori dira harriak eta abar, eta etxearen egoera okertzen joan da. Azkena, urtarrilaren 25ean izan zen.
Hau dela eta, jabeek eraisteko eskaria egin die udal gobernuari. Izan ere, baimena bazutelako aspalditik baina udal gobernuaren eskariz botatze plana gelditua zuten. Egun, arriskutsua da duen egoera.
Bizilagunek, etxea mantenduko ez bada ere, baserria gogoratzeko zerbait egiteko eskatu dute. Zinegotziek eskaerak jaso dituzte eta ahal duten guztia egingo dutela azaldu dute.